Julia de Pazen 'Harta' film laburrak irabazi du ICOFF-Gasteiz sari nagusia

Erredakzioa 2022ko api. 11a, 10:11

ICOFF zinema jaialdiaren itxiera ekitaldiko talde argazkia. / Argazkia: VITAL FUNDAZIOA

Genero indarkeriako epai batek bere aita familia-elkartze zentro batean ikustera behartutako neskato baten istorioa kontatzen duen Julia de Pazen Harta film laburraz gain, ICOFF sariak irabazi dituzte Etxean, Figurante, Los días que (nunca) fueron, La habitación de Ion, Hormak eta Tula lanek.

Kepa Sojok eta Sonia Paciosek Vital Fundazioarekin batera antolatutako Gasteizko ICOFF Film Laburren Nazioarteko Jaialdia larunbat honetan amaitu da, sail ofizialean edukiera ia beteta eta zinemako profesionalen babes handiarekin.

Jaialdi berria apirilaren 4tik 9ra egin da Vital Fundazioa Kulturunean, eta 53 film labur proiektatu dira —guztira 874 film jaso zituzten—. Sail ofizialak fikziozko, dokumentaleko eta animazioko 30 lan aukeratu ditu, Eusko-Araba sailak euskal zinegileen 14 film labur izan ditu, eta, bestalde, Nazioarteko sailak Cannes, Sundance, Oscars, Zinebi eta estatuko beste hainbat jaialditan saritutako bederatzi film labur hautatu ditu.

Lehen edizioaren balantze positiboa eginda, ICOFFeko antolatzaileek etorkizunera begira daude, eta dagoeneko 2023ko udaberrian iritsiko den bigarren edizioan pentsatzen ari direla azaldu dute; beste nobedadeen artean, Nazioarteko saila lehiaketa izango da.

Sariak
  • ICOFF-Gasteiz sari nagusia film labur onenari: Harta, Julia de Paz Solvas. Genero indarkeriako epai bat dela eta, bere urtebetetze egunean bere aita familia-topagune batean ikustera behartua dagoen neskato baten istorioa kontatzen du.
  • Fikziozko film labur onenaren saria: Etxean, Mikel Rueda. Covid-19aren ondoriozko konfinamendu garaian, ama batek eta bere alabak gau oso bat igaroko dute elkarrekin, urte askotako gorrotoaren eta itxi gabeko zaurien ondoren.
  • Film labur dokumental onenaren saria: Figurante, Nacho Fernandez. Sorcorro Arenasek aktore izateko ametsarekin ekin zion figurante ibilbideari. Dokumental honek lanbide hori omentzen du.
  • Animaziozko film labur onenaren saria: Los días que (nunca) fueron, Kevin Iglesias eta Pedro Rivero. Hiru pertsonaia beren bizitzako unerik onena bizitzeko zorian daude, fenomeno bitxi bat beren bizitzetan agertzen den arte.
  • Arabako film labur onenaren saria: Tula, Bea de Silva. Arabako zuzendari gaztearen opera prima. Ikastetxe bateko garbitzaile Tulari bere lan-eguna aldatzen zaio, ikastetxeko neska bati sexu-hezkuntzaz hitz egiteko.
  • Eusko-Araba ataleko film labur onenaren saria: La habitación de Ion, Maria Castillo. Omenaldi hunkigarri eta sentitua duela 20 urte utzi gintuen Ion Gabella aktore gasteiztarrari.
  • Euskarazko film labur onena: Hormak, Mikel Uralde. Hiri oldarkor batean noraezean dabilen gazte baten bidaia.
  • Publikoaren saria: Tula, Bea de Silva.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago