Bueltan da udaberriko artisautza azoka

Erredakzioa 2022ko api. 8a, 17:51

Kultur egitarau propioa izango da Lan-Berri azokan. / Gasteizko Udala

Sektoreko 14 profesionalen lanak ikus daitezke Urrezko Zeledonen plazan.

Urrezko Zeledonen plazan egingo dute Lan-Berri 2022 Udaberriko Artisautzako Azokaren bosgarren edizioa gaurtik hasi eta apirilaren 18ra arte. Artisauak bultzatu du ekimena, Arabako Artisautza Bultzatzeko Elkarteak, Gasteizko Udalaren laguntzarekin. Bertan, artisauek beren tailerretan egindako lanak kalera gerturatuko dituzte dituzte, sektoreko 14 profesionalek.

Haien ehungintza-artearekin lotutako kow-howa erakutsiko dute Flamenca y morada, Casperlota Atelier, Ekhilote, Maryahermoso eta Chán ta Chán etxeek. Azken horrek, gainera, bisuteria ere lantzen du, Lamaik bezalaxe, erretxina ilustratuekin. Eta egurrarekin landutako artisautzaren ordezkari gisa, Egur lanak eta Egurra Ukitzen izango dira (azken horrek erretxina ere lantzen du).

Azokara doazenek larrugintzako produktuak ere erosi ahal izango dituzte Chorimaren eta Taller Bio Bioren eskutik (azken horrek bozelketa ere lantzen du). Eta buruak zaintzeko, ez dago Pomada Delapuraren kosmetika eta Lamiaren biokosmetika baino hoberik. Haiekin batera izango dira Muevo mis hilosen (haurrentzako artisautza) eta Sacotermiaren (zaku termikoak eta beste produktu tekniko batzuk) standak. "Gasteiztarrak eta bisitan datozkigunak Lan-Berri azokan barneratzera gonbidatu nahi ditugu. Apirilaren 8tik 18ra bitartean irekita egongo da Gasteizko Urrezko Zeledonen plazan. Gure hiriaren kultura eta turismo arloko eskaintza zabaltzen duen hitzordua da”, nabarmendu du hitzorduaren aurkezpenean Igor Salazarrek, Merkataritzako zinegotziak.

Lan-Berri Udaberriko azokak, gainera, kultur egitarau propioa izango du. Larunbatean, apirilaren 9an, DJ Neadek girotuko du jardunaldia funk eta soul arloko musika urbanoarekin. Apirilaren 16an, larunbatean, bestalde, Edder bandaren txanda izango da. Taldea Uxue Plagaro abeslariak, Toni Santamaria gitarra-jotzaileak eta Inhar Val tronpeta-jotzaileak osatzen dute. Bi emanaldiak 20:00etan izango dira. 

Azoka goizez 11:00etatik 14:00etara izango da zabalik, eta arratsaldez, 17:00etatik 21:00etara. Apirilaren 18an, astelehenean, azoka goizez bakarrik egongo da zabalik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago