"Izen handiko" bi adituren bila ari da Gasteiz, 'Green Capital'-aren urteurrenerako

Erredakzioa 2022ko api. 8a, 12:20

'Green Capital' izendapenaren urteurrena ospatu nahi du udalak. ALEA

400 bat pertsona hartuko dituen goi bilera bat egingo du udalak irailaren amaieran.

Green Capital izendapenaren hamargarren urteurrena ospatzeko, Gasteizko Udalak nazioarteko bilkura bat egingo du irailaren amaieran, eta ekitaldi horretan parte hartzeko "nazioartean izen handia" duten bi aditu bilatzen ari da. Aditu bat arduratuko da inaugurazio hitzaldia emateaz, eta besteak hitzaldi magistrala emango du. 

Zehazki, irailaren 29an eta 30ean egingo da urteurrena ospatzeko goi bilera teknikoa, Europa Biltzar Jauregian. Helburuen artean daude "hiri jasangarrien arloko esperientziak" trukatzea eta Gasteiz "ideiak eta esperientziak trukatzeko gune bihurtzea". Udalaren esanetan, "hamarkada honetako aurrerapenei balioa emateko eta hiri berde bat eraikitzen jarraitzeko erronka berrien aurrean posizionatzeko erakusleihoa" izango da bilkura hori.

Enpresa bati esleituko dio udalak goi bilera horren ardura. Orotara, 60.500 euro bideratuko dituzte horretarako. Udalak espero du 400 lagunek parte hartuko dutela ekitaldietan. Ostegun gauean, baina, hogei lagunek baino ez dute parte hartuko "hiriko espazio entzutetsu" batean egin behar duten afari instituzionalean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago