Azken urteetan zabaldu den zurrumurrua ezeztatu du Txema Kapetillok, Aberri Egunaren atarian. Zenbait hedabidek, kazetarik eta kirol arduradunek zabaldu duten nahasketaren aurrean, ikerketa eta dokumentazio lan mardula egin du Baskoniako jokalari eta entrenatzaile ohiak. Kapetillok berretsi du ikurrina partida ofizial batean atera zuten lehen aldia Realaren eta Athleticen arteko Atotxako futbol partida historikoan izan zela, 1976ko abenduaren 5ean, eta ez, ordea, Baskonia eta Askatuak taldeen arteko 1976ko urriko saskibaloiko partidan.
"El Avance-ko Patxi Lizundia izan zen ikurrina ateratzeko ezinbesteko laguntzailea"
"Mendizorrotzean ikurrina ateratzeko ekitaldia ez zen Baskonia-Askatuak partidu batean izan, eta 1976an ere ez zen izan. 1977ko urtarrilaren 8an izan zen, hain zuzen, Mendizorrotzean jokatu zen Hospitaleten eta Baskoniaren arteko partidan". Beraz, euskal herritar ugariren gogoan iltzaturik geratu den Atotxako Realaren eta Athleticen arteko partida horren ondoren izan zen Araban ikurrinaren aldeko ekitaldia.
Kerejetaren hitzaldia
Zurrumurrua "berria" dela esan du Kapetillok, azken bost edo hamar urteetan zabaldua web orrialde eta blog desberdinetan, baina nondik sortu den ez du oso argi kirolariak. Halere, nahasketa handitzen lagundu dute bai Saski Baskonia elkarteko presidente Josean Kerejetak zein Baskonia taldearen 25 urteko ospakizunaren harira argitaratutako liburuak. Izan ere, Sabino Arana Fundazioaren 2019ko sariak jasotzeko ekitaldian, Kerejetak ikurrina ateratzeko meritua Baskoniarena izan zela esan zuen: "Egia esan, Saski Baskonia harro agertu da beti bere herriaz. Agian ez duzue jakingo, futbolak beti eramaten baitu ospe osoa… Baina ikurrin bat –legez kanpokoa orduan– erakutsi zen lehen partida ofiziala, 1976an, Gasteizen jokatutako Vasconia-Askatuak izan zen, Atotxan Iribar eta Kortabarria ikurrina erakusten duten irudi ikoniko hura baino hilabete lehenago". Hitz horiek aise zabaldu ziren, eta gasteiztar askoren artean hedatu da Atotxakoa beharrean ikurrinaren lehen irudia Mendizorrotzakoa izan zela.
"Nik sartu nuen ikurrina Mendizorrotzean, eta argi dut ez zela 1976an izan"
Bada, Kapetillok goitik behera ukatu du hori, eta gaineratu du ikurrina lehen aldiz atera zuten partida 1977ko urtarrilekoa izan zela, eta hain zuzen, ikurrina Mendizorrotzean sartu zuen jokalaria bera izan zela. "Lehen pertsonan hitz egin dezaket, kiroldegian ikurrina nik sartu nuelako, eta oso argi daukat ez zela 1976an izan. Hilabete lehenago ikurrina Atotxan atera zuten, bestela pentsaezina izango zen Gasteizen ateratzea, eta ni ez nintzen ausartuko ekitaldia laguntzera". Kirolariak gogoratu du Kaiku tabernako Peperen ikurrina erakutsi zutela, "benetako ikurrin bat, ez Jungitun erositakoa".
Halere, afera horretan El Avance zaletuen taldearen oinarrizko zeregina nabarmendu du Kapetillok, eta gogoratu du talde horren kide batek hain zuzen proposatu ziola pabiloian ikurrina sartzea."Patxi Lizundia ikurrina ateratzeko funtsezko eta ezinbesteko laguntzailea izan zen", azpimarratu du Kapetillok.
Dokumentazioa
Ikurrinaren lehen ekitaldiaren ingurukoak argitzeko bere esperientzia pertsonala baliatzearekin batera, dokumentazio lan handia egin du Baskoniako jokalari ohiak. "Covid19aren itxialdiak eta ondorengo hutsarteak ondo baliatu ditut", esan du Kapetillok. Hala, garaiko egunkariak aztertu ditu, orduko Askatuak eta Baskonia taldeko Iñaki Almandoz eta Jose Luis Sanchez Erauskin zuzendariekin hitz egin du, baita Baskoniako, Askatuak-eko eta Hospitalet-eko jokalari guztiekin ere, eta garaiko kazetariekin eta argazkilariekin. "Inork ez du gogoratzen horrelako ekitaldia 1976an egin zenik. Are, Gasteizen, urte horietan ez zegoen politikoki horrelako ekitaldi bat egiteko girorik. Gasteiz ez zen Goierri, Atotxan baino lehen horrelako ekitaldi bat egitea pentsaezina zen".
Arabako kirol zelaietako partida ofizial batean ikurrina atera zuten lehen aldia noiz izan zen argitzeko eginiko dokumentazio lanaren beste emaitza bitxi bat ekarri du ere Kapetillok: Baskoniaren partidaren aurretik, Kanpezun, 1976ko abenduaren 8an, enpresa futbolaren kategoriako Arabako ligan erakutsi zutela lehen aldiz ikurrina. "Bi kasuetan, ezaugarri komuna Gasteizko Avance kluba izan zen, bi ekimen horien sustatzailea" nabarmendu du.