Arabarron memoria

1976ko lan gatazkak aztertzen dituen liburua aurkeztuko dute M3moria Gunean

Erredakzioa 2022ko api. 5a, 13:51
1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren testuinguru historikoa aztertzen du liburuak.

Asteazken honetan, Enrique Gonzalez de Andresek 1976: el año que vivimos peligrosamente aurkeztuko du Gasteizko M3moria Gunean, 19:00etan. Liburuak Martxoaren 3ko sarraskiaren garaiko gatazka soziolaboralak ditu aztergai.

Enrique Gonzalez de Andres historialariak 1976, el año que vivimos peligrosamente. Las instituciones provinciales franquistas y la conflictividad sociolaboral liburua argitaratu du 2021ean. Datorren asteazkenean, apirilaren 6an, egileak Gasteizko M3moria Gunean aurkeztuko du lana, 19:00etan, Martxoak 3 Elkartearen eskutik.

"1976 funtsezko urtea izan zen gure historia hurbilerako. 1976 ez da soilik Gasteizen poliziak egindako sarraskiaren urtea; funtsezko urtea da haustura demokratikoaren eta diktadura frankistaren erreformaren arteko prozesu sozial eta politikoan", azaldu dute ekitaldiaren antolatzaileek.

Liburuak Martxoaren 3aren testuinguruaz hitz egiten du. Langile klaseak 1.500 greba baino gehiago egin zituen Estatu osoan. Aparatu frankisten datuen arabera, laneko protesta horietan 3 milioi soldatapeko inguruk parte hartu zuten, hau da, garai hartako biztanleria aktiboaren herenak.

"Mobilizazio horren garrantziaz ohartzeko, komeni da gogoraraztea prozesu horietako askori soldatapekoak ez ziren beste sektore batzuk gehitu zitzaizkiela, hala nola ikasleak edo etxetik familia ekonomiei eusten zieten emakumeak", azaldu du egileak. "1975eko azaroan Franco diktadorea hil zenetik 1977ko urtarrilean Atochako abokatuak hil ziren arte, 1976. urtea garai nahasian dago, itxaropenez eta errepresioz betea. Hamabi hilabete baino gehiago horietan, gertaera politiko eta ekonomiko erabakigarriak izan ziren bata bestearen atzetik, hala nola Adolfo Suarezek ordezkatuko zuen Arias Navarroren gobernuaren erorketa, erreforma politikorako Legearen onarpena eta krisi ekonomikoan sakontzea, besteak beste".

Gasteizko sarraskiaz gain, 1976an estatu krimen ugari gertatu ziren: besteak beste, Oriol Sole presoaren heriotza Segoviako Ihesean, Montejurrako krimena, Bernardo Bidaola Txirrita-ren heriotza, Eduardo Moreno Pertur-en desagerpena, amnistiaren aldeko mobilizazioen aurkako tiroketa parapolizialak, Normi Mentxaka (Santurtzin) eta Josu Zabalaren (Hondarribia) hilketak...

"Garai horretako elementurik erabakigarrienetako bat Estatu osoan zehar izan ziren borroka soziolaboral kontaezinak izan ziren", azpimarratu du Gonzalez de Andresek. Hain zuzen ere, asteazkenean aurkeztuko duten liburuak alderdi hori du ardatz, eta datu horiek guztiak zehatz-mehatz jasotzen ditu, probintziaz probintzia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide