Apirilaren 11tik maiatzaren 9ra izango da Gasteizko haur eskola publikoen izen-ematea

Erredakzioa 2022ko apirilaren 5a

Gasteizko Udalak 0 eta 3 urte arteko bost haur eskola kudeatzen ditu. / ALEA

Gasteizko haur eskola publikoetan izena eman ahal izango da apirilaren 11tik maiatzaren 9ra bitartean. Horrekin batera, familiei prozesuaren inguruko informazioa emateko hitzaldiak egingo dira Salburua eta Aldabe gizarte etxeetan.

Datorren astelehenean irekiko da 2022-2023 ikasturterako Gasteizko haur eskola publikoetan 2020an, 2021ean eta 2022an jaiotako seme-alabak apuntatzeko epea, eta maiatzaren 9ra arte egin ahal izango da. Familiak aukeratutako eskola edozein izanik ere, Gasteizko Udalak Haurreskolak Partzuergoarekin duen lankidetzari esker, herritarrei leihatila bakarreko zerbitzua eskainiko zaie.

"Gure hiriko umeen funtsezko eskubide gisa hezkuntza eta funtzio ludikoa oinarri dituen hezkuntza proiektuaren aldeko apustua egiten dugu. Zerbitzu honekin, umeen behar fisikoak, afektiboak eta emozionalak aintzat hartzen ditugu; eta familiekin lankidetza estuan, umeen nortasunaren garapen harmonikoari laguntzen diogu, ikuspegi afektibo, intelektual, sozial eta kulturaletik", adierazi du Gasteizko alkateorde Maider Etxebarriak.

Izen-ematea online egin ahal izango da, Gasteizko Udaleko egoitza elektronikoaren bidez eta identifikazio digitaleko ziurtagiriarekin. Izapidea aurrez aurre egiteko, ordea, aurretiazko hitzordua beharko da, San Antonio kaleko edo gizarte etxeetako herritarren arretarako bulegoetan.

2022ko maiatzaren 4tik 13ra jaiotako umeen kasuan, izena emateko epea maiatzaren 18ra arte luzatuko da. Ondoren, ekainaren 3an argitaratuko dira onarpeneko behin-behineko zerrendak eta itxarote-zerrendak. Erreklamazioak egiteko epea ekainaren 3tik 8ra izango da, eta ekainaren 20an argitaratuko dira behin betiko zerrendak. Azkenik, gurasoek ekainaren 20tik 24ra formalizatu ahal izango dute matrikulazioa.

Ikasturtea hasita —2022ko irailetik 2023ko uztailera—, aurtengo irailetik aurrera, familiek hilabetez hilabete apuntatu ahal izango dituzte seme-alabak, leku hutsik geratuz gero.

Doako sarbidea

Familiako errenta urtean 18.000 euro baino gutxiagokoa duten familientzat, haur eskoletarako doako sarbidea mantenduko du Gasteizko Udalak, kolektibo zaurgarrienei zerbitzua bermatzeko.

1.400 plaza

Titulartasun publikoko haur eskolen sareak guztira 25 ikastetxe ditu Gasteizen, eta 1.394 plaza eskaintzen ditu: 0 urteko 296 plaza, urte bateko 936 plaza eta 2 urteko 162 plaza.

Udalak 0 eta 3 urte arteko bost haur eskola kudeatzen ditu —Haurtzaro (Alde Zaharra), Santsomendi, Zaramaga, Lourdes Lejarreta (Lakua) eta Zabalgana—, eta beste 20 ikastetxeak, Haurreskolak Partzuergokoak, 0 eta 2 urte arteko umeentzat dira. Familiek bi ordutegi izango dituzte aukeran: egunean bost ordukoa edo zortzi ordukoa.

Hitzaldiak

Informazio gehiago jasotzeko, Udal Hezkuntza Zerbitzuak eskainiko dituen bi hitzaldietara joateko aukera izango dute familiek: ostegunean, apirilaren 7an, 18:30ean Salburua gizarte etxean, eta astelehenean, apirilaren 11n, 18:30ean Aldabe gizarte etxean. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago