Hilabete baino ez da falta Poetak maiatzean jaialdiaren hamargarren ediziorako, eta aurkezpen ofiziala egin dute gaur, Montehermoso Kulturunean. Bertan izan dira Kultura zinegotzi Estibaliz Canto, Kultura diputatu Ana del Val, Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opakua eta jaialdiko zuzendari Elisa Rueda.
Maiatzaren 1tik 31ra bitartean, poesiaren hiriburu bihurtuko da Gasteiz, Araban poesia hedatzeko eta poesiaren eta gizarte ehunaren arteko lotura sortzeko helburua duen jaialdia. Hunkitu Arte elkarteak antolatzen du, Udalaren, Aldundiaren, Vital Fundazioaren, Jaurlaritzaren eta Kultura Ministerioaren laguntzarekin, eta gaur egun Gasteizko udaberriko agendako ekitaldirik finkatuenetako bat da.
"Zorionak eman nahi nizkioke jaialdiko talde osoari urteurrenagatik, eta eskerrak eman, halaber, baldintzetara egokitzeko duten gaitasunagatik. Zuen poesia eztigarria izan da bizitzea tokatu zaigun pandemia garai hauetan", eskertu du Estibaliz Cantok, gasteiztarrei jaialdiko ekitaldietara hurbiltzera dei eginez.
Edizio berezi honek poesia errezitaldiak, musika, poesia lehiaketak, erakusketak, dantza eta lantegiak eskainiko ditu, besteak beste, adin guztietako jendearentzat.
Halaber, aipatzekoak dira Hector Alterio, Elvira Sastre, Marwan, Luis Garcia Montero eta Juan Valderramaren izenak, aurtengo gonbidatu nagusien artean.