Astearte honetan, hilaren 29an, Arabako kirol jardueren sektoreko ordezkaritza batek beren lan gatazka aurkeztu du Gasteizko Udaleko batzordean. Bitartean, langileen beste hamabost bat ordezkarik elkarretaratzea egin dute 12:00etan, Plaza Berrian, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta.
Izan ere, lurraldeko kirol jardueren sektorearen gatazka behin eta berriz itzuli da mahai gainera azken urteetan. Hitzarmen kolektiboa bi urtez negoziatu dute, baina sindikatuek kritikatu dute "patronala ez dagoela prest jarrerak hurbiltzeko eta plantillen aldarrikapenei entzuteko". Azaldu dutenez, 2020an eta 2021ean soldatak izoztu ziren, eta 2022an "igoera txikiak besterik ez" dira egin, igoerak 2023ko urrira arte atzeratuz.
"Erosteko ahalmenaren galera urtetik urtera areagotzen ari da, eta langileak baldintza prekarioetan mantentzen dira, sektorearen profesionalizazioa eragotziz", ohartarazi dute. "Administrazio publikoak azpikontratatutako sektorea denez, gatazka batzordeari aurkeztea erabaki dugu, eta bertan azaldu ditugu sektoreko lan baldintza eskasak, eskaintza onena saritzen duen azpikontratazio erregimen baten bidez ezin baitira horiek bermatu".
Negoziazio kolektiboaren "blokeoaren" aurrean, langileek "planto" egin eta negoziazio mahaiarekin batera garatuko den mobilizazio egutegi bat iragarri dute. Arabako kirol instalazioen erabiltzaileei eta herritarrei beren "lan baldintzak hobetzeko eta aldarrikapenak babesteko" eskaera luzatu diete.