Martxan da ideia gazteen Haziak lehiaketaren 10. edizioa

Erredakzioa 2022ko martxoaren 29a

Gasteizko Udalak gazteen ideiak sustatzeko Haziak deialdiaren 10. ediziora proiektuak aurkezteko epea ireki du, maiatzaren 6ra arte. 14 eta 30 urte bitarteko gasteiztarrek dute parte hartzeko aukera.

Haziak lehiaketak Gasteizen bizi, lan egin edota ikasten duten 14 eta 30 urte bitarteko gazteen ideiak aurrera eramaten laguntzea du helburu. Horretarako, laguntza tekniko eta ekonomikoa eskaintzen ditu saritutako ideiak. Aurreko bederatzi edizioetan, 200 proiektu inguru aurkeztu dira, eta horietako ehun baino gehiago gauzatu dira.

Edozein proiektura zabalik dago deialdia: tailerrak, topaketak, sorkuntza, horma-irudiak, proiekzioak, emanaldiak, ikus-entzunezkoak... beti ere ideia bat errealitate bihurtzeko oinarria badute. Gainera, gazteentzat eta udalerriarentzat interesgarriak izan daitezkeen gaiak proposatzen ditu Udalak: kultura, kirola, osasuna, ingurumena, sorkuntza eta berrikuntza, komunikazioaren teknologiak, hezkuntza ez-formala, aisialdi hezitzailea, elkartasuna, kulturartekotasuna, berdintasuna eta euskara, besteak beste.

Udal zerbitzuetako teknikariek osatutako epaimahai batek, gazte batekin batera, proiektua garatzeko beka ekonomikoa jasoko duten ideia irabazleak hautatuko ditu. Zenbateko proiektu bakoitzaren beharren arabera esleituko da, eta ezin izango da 3.000 eurotik gorakoa izan.

Lau fase

Lehiaketa lau fasetan garatuko da. Lehenik eta behin, oinarri arautzaileak argitaratuz abiatu eta maiatzaren 6ra arte proiektuak haziak@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikora bidaliz amaituko da deialdia.

Ondoren, maiatzaren 13an, Haziak ideia gazteen topaketa egingo da, aurkeztu diren pertsonek elkar ezagutzeko eta besteen ideien berri izateko lan saio kolektiboa. Hirugarren fasea proiektuak berriro lantzea izango da: lan saio kolektiboaren ostean, nahi izanez gero, hautagaiek proiektua berridazteko eta berriz ere aurkezteko aukera izango dute, gehienez ere lau eguneko epean.+

Azkenik, proiektu irabazleak hautatuko ditu epaimahaiak, behin betiko proiektuak aurkeztu ondoren.

OINARRIAK

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago