Tuvisako gidari batek egindako irain arrazistak ikertzen ari dira

Erredakzioa 2022ko mar. 28a, 19:22

Instagrameko @0yenmwosa erabiltzaileak zabaldu zuen bideoa, larunbatean.

Sare sozialetan zabaldutako bideo batek argitara atera du Tuvisako gidari batek bere autobusera igo ziren bi emakume beltzi zuzendutako irain arrazistak. Enpresak eta Gasteizko Udalak baieztatu dute gertakariak ikertzen ari direla.

Larunbatean sare sozialetan zabaldutako bideo batek agerian utzi ditu Tuvisako gidari batek bi emakume arrazializaturen kontra egindako irain arrazistak. Instagrameko @0yenmwosa erabiltzaileak azaldu duenez, "rastak zituen autobus gidari espainiar batek bi emakume beltz diskriminatu zituen 5. linean, Salburuan".

Lekuko horrek azaldu duenez, bi emakumeak geltoki baten zain zeuden, baina, antza denez, autobusgileak "ez zien jaramonik egin". Handik gutxira, autobusak gelditu behar izan zuen, semaforoa gorri zegoelako; orduan, bi emakumeak autobusera joan ziren. "Autobusera sartzean, gidariari galdetu zioten zergatik ez zen gelditu eskua altxatu zutenean; berak erantzun zuen ez zutela eskua altxatu, eta irainka hasi zitzaien, "putakumeak "eta" lotsagabeak" deituz, besteak beste. Horrekin batera, hainbat irain arrazista ere entzun daitezke bideoan: "Ea dena botiketan gastatzen duzuen" edo "etorri zareten lekuan geratu behar zenuten".

Gasteizko Udalak ikerketa abiatu du gertakariak argitzeko eta "horren arabera jokatzeko". Tuvisak ere informazio-espedientea ireki dio gidariari, "gertatutakoaren berri izan bezain laster".

"Arrazakeria instituzionala"

LAB sindikatuak Tuvisako gidariaren "eraso arrazista" gaitzetsi du: "Gertaera bi aldiz larria da: ez bakarrik gertatzen denagatik, baizik eta egileagatik ere. Autobuseko gidaria da eraso arrazista egiten duena. Zerbitzu publiko bat emateko aginpidea edota erantzukizuna duen inork ez luke sinetsi behar erabiltzaile bati tratu txarrak emateko edo diskriminatzeko ahalmena duenik".

Halaber, sindikatu abertzaleak exijitu du "berehala ezar daitezela tratu txarren edota indarkeria matxista, klasista eta arrazisten mota guztietako egoerak kontrolatzeko, jarraitzeko eta zigortzeko protokoloak".

"Eremu horietan inork ez luke egon behar arriskuan edo ez luke bortxatua izan behar jatorri geografikoagatik, larruaren koloreagatik, erlijioagatik, janzkeragatik, hizkuntzagatik edo administrazio egoeragatik", gaineratu du LABek. Azkenik, "arrazakeria instituzionalaren aurka, sindikalismo antirrazista" aldarrikatu du.

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de ♡ (@0yenmwosa)

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide