Ostegun honetan 85 urte beteko dira Azazetako sarraskitik. 1937ko martxoaren 31ko goizaldean, hamasei preso politiko errepublikano hil zituzten Azazetan, estatu frankistaren aparatuek Araban egindako sarraskirik handienean. Ziegetatik atera eta aske uzteko keinua eginez, espetxearen kanpoaldean itxaron eta berriz ere atxilotu egin zituzten; Azazetako mendatera eraman eta bertan fusilatu eta lurperatu zituzten.
Aurten ere, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Equo-Berdeak alderdiek errepresio frankistaren biktima guztientzako "egia, justizia eta erreparazioa" eskatzeko eta "oraindik ere irauten duen inpunitatea" salatzeko ekitaldi politikoa antolatu dute. Ostegunean, hilaren 31n, izango da, 12:00etan Santa Barbara plazan.
Exekuzio sumarioak Mola jeneralak antolatu zituen, bando errepublikanoan izua hedatzeko asmoz. "Euskal Herrian 1936tik 1939ra bitartean gertatutako esanahi politiko handieneko hilketa izan zen hura. Horien artean zegoen Teodoro Gonzalez de Zarate Gasteizko alkatea, Ezker Errepublikanoa alderdiko afiliatua, hauteskundeak bigarren itzulian irabazi zituena. Beraz, herriaren borondatearen aurkako erasoa izan zen", azpimarratu dute ekitaldiaren antolatzaileek.
Lau talde politikoek gizateriaren aurkako krimenengatik frankismoaren aurkako kereila jar dezatela eskatuko diete Arabako erakundeei, "inpunitatearekin amaitzeko". Horrekin batera, gerraren eta diktaduraren krimenak epaitzeko mekanismoak bidera daitezela, artxiboak argitara daitezela eta estamentu judizial zein politikoek irekita dauden bide judizialekin lankidetzan jardun dezatela —hala nola Argentina kereilarekin— exijituko dute.
Durangoko bonbardaketa
Gainera, egun horretan, Durangoko bonbardaketaren 85. urteurrena izango da ere. 1937ko martxoaren 31n, Italiako armadaren hainbat hegazkin atera ziren Gasteizko aerodromotik, Bizkaiko hiribildua bonbardatzeko. Hainbat aste beranduago, apirilaren 26an, Gernikako bonbardaketa iritsi zen.