Komedialdia, Gasteizko umore jaialdia, maiatzaren 24tik 29ra bitartean ospatuko da aurten, "hemen eta orain" filosofia aldarrikatuz, "ziurgabetasunez blai bizi garen egun hauetan momentuaz disfrutatzeko eta ahal bezain beste barre egiteko".
Gaur goizean aurkeztu dute jaialdiaren bigarren edizioa, baita kartel berria ere. Gainera, Txaro Mardaratz Najerak, jaialdiaren zuzendari eta sortzaileak, nobedade garrantzitsuenak aurreratu ditu. "Karteleko irudiak giro positiboz inguratzeko dagoen beharra islatzen du, batez ere hainbeste ezbeharrez inguraturik bizi garen momentu hauetan. Horretarako, hatz lodia altxatzera gonbidatu gaitu aurten, argitasuna positiboa den gauzetan jartzeko", azaldu dute. Nola ez, Irritxo izeneko sinboloa jaialdi osoan zehar izango da protagonista. "Irritxo ongizate soziala, jaioberri baten lehenengo barrea eta inozentzia da, ingurugiroaren arazoetatik at bizi dena".
Besteak beste, obra berria Gasteizen estreinatuko dute Oscar Terol eta Jose Kruz Gurrutxagak, eta Susana Soleto aktore ezaguna ere izango da Arabako publikoa barre algaraka uzteaz arduratuko diren gonbidatuen artean.
"Komedialdiak umorearen garrantziaz kontzientziatu nahi du. Pertsonentzako zein beharrezkoa den eta bere funtzio terapeutikoak zenbat eta zenbat onura dakartzan argi utzi nahi du. Umoreak sortzen duen izaera positibo batek gure osasun fisikoa eta mentala hobetu dezake. Mezu hori azpimarratzeko, bigarren edizio honek irribarreak sortu eta umorea zabaldu nahi du", azaldu dute.
Jarduera batzuk ordaindu beharko dira eta sarrerak maiatzaren 5etik aurrera egongo dira salgai www.komedialdia.com webgunean, programazioa ixten denean. Hala ere, jarduera gehienak doakoak izango dira, jaialdiko babesle eta kolaboratzaile publiko zein pribatuei esker.
Kontzertu solidarioa
Lehen edizioan bezala, Komedialdiak kontzertu solidario bat eskeiniko du, eta irabaziak ADELA Elkartearentzat izango dira. "Komedialdia pandemian zehar sortu zen, eta horregatik da hain garrantzitsua umorea sendagaitzat hartzea, hori izan baita, eta oraindik ere bada, jaialdiaren oinarria", aldarrikatu du jaialdiaren zuzendariak.
Lau atal
Aurtengo jaialdiaren jarduerak lau ataletan banatu dituzte: gogoeta egiteko jardunaldiak, hiriko puntu ezberdinetan emango diren emanaldiak eta ekintza solidarioak. Gainera, aurten lehenbiziko aldiz, Gasteizko kaleetan Komedialdiak duen presentzia areagotzeko atal berri bat prestatu dute.
1. Umorez serio hitz egiteko jardunaldiak
Umorea gure gizarteko tresna bat dela ulertzeko gogoetak eta hitzaldiak egingo dira maiatzaren 24, 25 eta 26ko goizetan, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Umore, osasun, komunikazio eta kulturaren profesionalentzako, elkarteentzako, kolektiboentzako eta umorearen jatorria, bilakaera eta horren funtzio anitzak hobeto ulertu nahi duten pertsonei zuzenduta.
2. Umore Guneak
Ikuskizunak eta jarduera integratzaileak batuko dituzten umore espazioak dira. Gasteizko Udalaren Sareko antzokietan eta Vital Kulturunea bezalako espazio pribatu batzuetan izango dira.
3. Elkartasun Gunea
Edizio honetako ekintza solidarioak Arabako Alboko Esklerosiamiotrofikoaren Elkartearen (ADELA) alde egingo dira, aurten 25 urte bete dituelako. ELA gaixotasun neurodegeneratiboa da. Oraindik ez dira ez sendabiderik ez tratamendurik aurkitu. "Diagnostikatzen denean, hemen eta orain bizi behar da, oraina aprobetxatuz. Jarrera positiboa funtsezkoa da kaltetutako pertsonaren gorputzak eta bizi kalitateak biziko duten aldaketei aurre egin ahal izateko", azaldu dute.
Horretarako, Lakua 03 pilotalekua "barredromo" bihurtuko dute: "Ziurgabetasun eta beldur garai hauetan, exorzismo sinboliko hauek behar ditugu". Ekitaldi solidario horiek, alde batetik, beharrezkoak diren eta osasun publikotik kanpo dauden tratamenduak finantzatzeko izango dira; eta, bestetik, ELA gaixotasunaren kaltetuei eta familiei laguntza emateko.
4. UmoreKalean
Aurten lehen aldiz egingo den atala da UmoreKalean. Komertzio txikietan, establezimenduetan eta kalean egingo diren espazioak dira, eta umorez, barrez eta energia positiboz inguraturik egingo dira. "Hainbeste denbora murrizketekin elkarbizi ondoren, kalea errekuperatuko da", azpimarratu dute. Gainera, Irritxo-pote berezi bat antolatuko da Judimendi auzoan. Taberna batzuetan ikuskizunak egongo dira pintxo-potea alaitzeko, eta ostalaritzari laguntza emateko.