Oihanederreko udaberria abiatuko dute 'eRRe' eta 'Frankenstein agurgarria' ikuskizunek

Erredakzioa 2022ko martxoaren 24a

'Erre' ikuskizunak irekiko du denboraldia, apirilaren 3an. / Argazkia: OIHANEDER

Udaberrirako, apirilaren 3tik ekainaren 30era arte luzatuko den egitaraua aurkeztu du Oihaneder Euskararen Etxeak. Apirilean eRRe ikuskizuna, Dei taldearen kontzertua eta Petti eta Ana Galarragaren Frankenstein agurgarria ikuskizuna izango dira, besteak beste.

Urtaro berria iritsi da gurera, eta datorren astean udaberriko denboraldia hasiko da Oihaneder Euskararen Etxean. Horretarako, jarduera ugari eta anitzez osatutako egitarau "koloretsua" prestatu dute, publiko ezberdinak euskal kulturara erakartzeko asmoarekin.

Programazioa janzteko aukeratu duten leloa Betor udaberrian kultura, bihoa zorigaiztoko gerra! da. "Udaberrian sartu gara, baina, tamalez, negu gorria da munduko txoko askotan. Oihanederren kultura sustatu nahi dugu ankerkeria horien antidoto gisa", azaldu dute.

Apirilaren 3an hasi eta ekainaren 30era bitartean, ohiko zikloak ez dira faltako —Filmazpit, Egin Leku!, Begi Belarri, Saski Naski, Eskilarapeko soinuak eta Eragiteko janzten, besteak beste—, baina horiez gain, hilabetez hilabete, askotariko jarduerak izango dira.

Apirila

Lehen jarduera sorta apirilean iritsiko da. 22. Korrikarekin lotuta, Korrika kulturalaren barruan eRRe: aldarri bat bertsoz ikuskizuna eskainiko dute hilaren 3an, lehen igandean. Bertsolaritzaren, antzerkiaren, musikaren eta poesiaren arteko mugak lausotzen dituen ikuskizuna da.

Horrez gain, Aitzol Urkiza eta Iñigo Bravok osatutako Dei taldearen kontzertua izango da apirilaren 7an, ostegunean. Hilaren 24an, igandean, Pettik eta Ana Galarragak Frankenstein agurgarria ikuskizuna eskainiko dute.

Halaber, etxeko txikienei eta gaztetxoei zuzendutako eta ekainera arte luzatuko den Dona Dona Katona egitasmoaren edizio berri bati emango zaio hasiera hilabete berean.

Maiatza

Udaberriko bigarren hilabetean, maiatzean, Sastraka erakusketa ibiltaria izango da nagusi euskararen etxean. Izan ere, Iruñeko Ziudadelatik zuzenean ekarriko dute. Esparru ezberdinetako lau sortzailek osatutako sormen lana da: Jose Ignacio Agorretaren koadroen aldamenean, Pello Lizarralderen idatziak kokatuko dira erakusketan; horrez gain, Imanol Ubedak Don Inorrez taldearekin grabatutako abestiak entzungai izango dira, Imanol Rayoren ikusentzunezko pieza artistikoen ondoan.

Erakusketari lotuta Don Inorrez taldeak kontzertua eskainiko du maiatzaren 8an, igandeko eguerdian.

Erakusketa garrantzitsu horretaz gain, aipatzekoa den elkarlan garrantzitsu bat izango da Oihanederren: Poetak Maiatzean jaialdiaren X. urteurrenaren baitan bi ikuskizun eskainiko baitira.

Ekaina

Udaren atarian, zikloen ikasturte amaiera iritsiko da, eta Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdiaren lan irabazleak aurkeztuko dira.

Horrekin batera, Kortxeak & Krispetak jaialdiak ohiko formatua mantenduko du: musikari lotutako ikus-entzunezkoak eta udako giro goxoari esker Falerina lorategian eskainiko den kontzertua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago