Gasteizko Ayala liburu denda itxi egingo dute, 45 urte eta gero. Antso Jakituna eta Adriano VI kaleetan sarrerak dituen denda apirilaren 30ean itxiko dute betirako. Alde batera liburu-denda eta bestera paper-denda izan da urte hauetan guztietan, eta, besteak beste, inguruko eskoletako ikasleentzat testu liburu ugari saldu ditu.
Jabeak erretiroa hartuko duela iragarri du paper-denda kanpoan jarritako karteletan, eta, hilabete barru emango diote amaiera negozioari. Horietan, gainera, papergintza atalean %30eko deskontuak direla jakinarazi dute, eta laster izango dira liburuetan ere. Ugari dira egunotan azken agurra ematera gerturatu diren irakurzaleak.
