Afera Senatura eraman ostean, EH Bilduk asteazken honetan jakitera eman du Espainiako Gobernuak Zabalgana eta Salburua auzoetan trenbidea lurperatzea baztertzeko emandako arrazoia: Zabalganaren kasuan, lurperatzea ez du beharrezkotzat jo "hiri integrazioaren aldetik"; ekialdeko auzoaren kasuan, berriz, "zailtasun teknikoak eta trazadurakoak" daudela argudiatu du, obra Salburuko Boulevardetik harago ez luzatzeko.
"Agerian geratu da EAJ eta PSEren borondate falta Salburua eta Zabalganeko zatiak lurperatzeko", salatu du Felix Gonzalez Gasteizko EH Bilduko bozeramaileak.
Zabalganeko bizilagunei "zaplaztekoa"
"Erantzun erabat onartezina da, ez dago ez arazorik ez zailtasun teknikorik Zabalganako lurperatzea luzatzeko. Errealitatea sinpleagoa da: EAJk eta PSEk ez egitea erabaki dute. Erabaki dute Zabalganak, Gasteizko auzorik jendetsuenak, ez duela merezi hirigunearen begirune bera".
"Zabalganean beharrezkoa ez dela esatea auzoko milaka bizilagunei emandako zaplaztekoa da; beste bat, kontuan hartuta auzoak etengabe izan dituela atzerapenak eta ahanzturak zerbitzuak jasotzerako orduan". Horrekin batera, Gonzalezek iragarri du auzoaren hiri-lotura eta integrazioa hobetzeko ekimenak aurkeztuko dituztela.
Salburuan, ingurumen arrazoiak
Espainiako Gobernuak, Salburuko zatia lurperatzeko ezintasunari buruz, argudiatu du Errekaleor ibaiaren presentzia "oztopo fisikoa" dela, eta, "ingurumen arrazoiengatik", Salburuko hezegunea elikatzen duelako, gainazalean baino ezin dela zeharkatu. Horren aurrean, EH Bilduko bozeramaileak iragarri du dokumentazio teknikoa eskatu eta "auzoa erabat integratzeko aukera tekniko eta trazadurazko guztiak aztertzearen alde egiten" jarraituko dutela.
"Ezintasun teknikoa berretsiko balitz, auzoan eraginak arintzeko zer neurri hartuko liratekeen argitu beharko litzateke", aldarrikatu du Felix Gonzalezek. "Salburuko hiri-integrazioa konpondu behar da, proiektuaren eta lurperatzearen egungo obren testuinguruan. Ezin da izan kanpoan geratzen den auzoaren zatia kaltetu nagusia izatea".
Aurrekontuen negoziazioa
Azkenik, Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak gogorarazi du EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu zuela Espainiako Aurrekontu Orokorren negoziazioan, "lurperatzearen informazio azterlana Zabalganera eta Salburura zabaltzea ahalbidetzeko, edo, gutxienez, lan horiei ekiteko". Akordio orokor bat lortu arren, zuzenketa ez zen onartu; Villalbaren arabera, "EAJk ezarritako baldintza egungo lurperatze proiektuari eustea baitzen, aldaketarik gabe".
Proiektu horrekin, Gasteizen 3,2 kilometrotan baino ez da trena lurperatuko. Hortaz, Zabalgana osoa eta Salburua auzoaren zati handi bat kanpoan geldituko dira.