Santiagoko Larrialdien itxieraren kontrako 12.000 sinadura aurkeztu dituzte

Erredakzioa 2022ko martxoaren 23a

Sinadurak Osakidetzako Zerbitzu Zentraletan entregatu dituzte. / OSASUN PUBLIKOA AURRERA

Osasun Publikoa Aurrera plataformak 12.000 sinadura aurkeztu ditu Osakidetzako Zerbitzu Zentraletan, Santiago ospitaleko larrialdietako zerbitzuaren eta Gasteizko San Martingo Etengabeko Arreta Gunearen itxieraren kontra.

Asteazken honetan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, Iñigo Urkullu lehendakariari eta Jose Maria Perez Ramos Arabako ESIko gerenteari 12.000 sinadura entregatu dizkie Osasun Publikoa Aurrera plataformak.

Urtarrilean Change.org plataforman abiatutako sinadura bilketak hiru eskakizun nagusi zituen: Santiago ospitaleko Larrialdiak ez ixtea, San Martingo EAGa (PAC) berrirekitzea eta Gasteizko osasun zerbitzuak indartzea.

Otsailaren 2an itxi zituzten Santiago ospitaleko Larrialdiak, Txagorritxuko eraikin berrira lekualdatzeko. Orduz geroztik, premiazko arreta aurrez aurre jaso nahi duten herritar guztiek bertara jo behar dute. San Martingo Etengabeko Arretako Gunea, berriz, 2019an itxi zuen Arabako ESIk; hasiera batean udarako behin-behineko itxiera iragarri zuen arrean, 2022ko martxoan itxita jarraitzen du oraindik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago