10.000 pertsona baino gehiago hurbildu dira aurten Bioaraba azokara

Erredakzioa 2022ko mar. 22a, 10:00

Asteburu honetan ospatu da BioAraba azoka, Iradier Arenan. / Argazkia: @BioArabaFeria

Iradier Arenak Bioaraba azokaren VII. edizioa hartu du asteburu honetan. Nekazaritza ekologiko, bioeraikuntza, energia berriztagarri, ehungintza, kosmetika eta bidezko merkataritzako 70 enpresa bildu dira, eta 10.000 lagun inguru igaro dira hiru egunetan.

Bioaraba, produktu ekologikoen, bizitza osasuntsuaren eta kontsumo arduratsuaren azoka erreferentea, martxoaren 18tik 20ra ospatu da Gasteizko Iradier Arena espazioan, eta pultsua berreskuratzea lortu du, pandemiak eragindako egoeraren ondorioz bi urtez ospatu gabe egon ondoren.

Hiru egunez eta 30 orduz, 10.000 pertsona baino gehiago igaro dira une batean edo bestean, bai azokatik, bai egitarauaren barruan antolatutako aurkezpen, erakustaldi, showcooking, tailer eta hitzaldietatik.

Azokaren zuzendari Iker Knorrek Bioarabaren "sendotzea" azpimarratu du. "Elikadura ekologikoa, bioeraikuntza, energia berriztagarriak, ehun naturala, kosmetika ekologikoa eta bidezko merkataritza, beste proposamen jasangarri batzuekin batera, gero eta herritar gehiagori interesatzen zaizkion gaiak dira", ospatu du Knorrek.

Gainera, Bioarabaren VII. edizioaren sustatzaileek eskerrak eman dizkiete Gasteizko Udalari, Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari beren babesletzagatik. Gainera, kolaboratzaile ofizial gisa parte hartu dute Vital Fundazioak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (Ekolurra), Bio Eco Actual eta Bueno y vegano argitalpenek, eta Artepan, Mamia eta Yogi Tea enpresek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago