Martxoak 3 Elkarteak idatziz eskatu die talde politikoei eta Espainiako Kongresuko bozeramaileen batzordeko kideei "egia jakiteko eskubidea ez eragozteko" eta 1976ko martxoaren 3an Gasteizen gauzatutako polizia-jardunari buruzko Ikerketa Batzordea sortzea errazteko.
Bozeramaileei helarazitako gutuna Jose Luis Martinez Ocio elkarteko presidente eta Zaramagako sarraskian hildako bost langileetako baten anaiak sinatu du, eta kasuari zein gertakariak argitzeko aurreko ahaleginei buruzko hainbat agirirekin batera bidali.
Duela 46 urte egindako sarraskian hildako, zauritutako, errepresaliatutako eta bizirik atera ziren pertsonen senideak biltzen dituen kolektiboaren izenean, Martinez Ociok Kongresuko talde parlamentarioei gogorarazi die "gaur egun zauriak irekita jarraitzen duela, ixteko zain, gertakariak argitzeko eta erantzukizun politikoak zehazteko zain".
Martxoak 3 Elkarteak "herritarren ordezkari gisa erantzukizuna" eta "bizikidetza eraikitzeko eta gertakari horiek argitzeko bidean aurrera egiteak dakarren lasaitasuna" kontuan hartzeko eskatu du. "Biktima guztiek eskubide berberak izan behar dituzte, eta, berandu bada ere, oraindik garaiz gaude bidegabekeria egoera bat arintzeko", azpimarratu dute.