Zartada ekimenak Euskal Herriko gazte mugimendu berriaren hazia erein du

Erredakzioa 2022ko mar. 21a, 11:35

Zartada Gazte Ekimena egin dute Gasteizen martxoaren 18tik 20ra bitartean. Gazte mugimenduen topagune gisa, Euskal Herri osoko ehunka gazte bildu dira hitzaldi, mahai-inguru, mobilizazio eta kontzertuetan.

"Gazte ikuspegitik erantzun bateratu bat emateko" helburuarekin, Zartada Gazte Ekimena egin dute Gasteizen asteburuan zehar, martxoaren 18an, 19an eta 20an.

Urtarrilean aurkeztu zuten ekimena, "Euskal Herriko gazteria eta gazte mugimenduak batu, aktibatu eta elkarlanean jartzeko" asmoz, baita "elkarrekin hausnartu, ikasi eta mobilizatzeko" ere. Lehen asanblada Gasteizko Judimendi auzoko Sumendi Espazioan egin zuten abenduan, eta bilera hartatik atera zen elkargune baten beharretik topaketa bat egiteko proposamena.

Horregatik, martxoaren 18an, 19an eta 20an Gasteizen hiru eguneko egitaraua antolatu dute, Bat egitetik, hamaika izatera lelopean. Ostiraleko 18:00etan hasi eta igandeko eguerdira bitartean, gazte mugimendua, gazte problematikak, euskalgintza, sorkuntza, hezkuntza eta bestelako gai asko jorratzeko hitzaldiak, mahai-inguruak eta tailerrak egin dituzte, mobilizazioa, formazioa eta aisialdia uztartuz.

Horrekin batera, The Lio, Sigeruban eta Berebiziko DJak izan ziren ostiralean Gasteizko Gaztetxean. Larunbat gaueko txanda, berriz, DJ Malandro, DJ Garrote eta DJ PezONena izan zen, Hala Bedi, Garraxi eta Txapelarri tabernetan musika jartzeaz arduratu baitziren.

Laburpen bideoak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago