Erditzeko espazio berria irekiko dute Txagorritxun

Erredakzioa 2022ko martxoaren 18a

Orotara, instalazio berrietan urtean 10.000 bat emakume artatzea espero dute. IREKIA

Hilaren amaieran martxan jarriko dituzte obstetriziari eskainitako instalazio berriak. Oraingoak baino "erosoagoak" izango direla dio Osakidetzak.

Martxoaren 29tik aurrera Txagorritxuko ospitalean obstetrizia instalazio berriak martxan jarriko dituzte, gaur Osakidetzak ezagutzera eman duenez. Txagorritxuko Zerbitzu Orokorren eraikin berrian egongo dira instalazioak, eta zenbait gunetan banatuta egongo dira: erditzea, arrisku handiko haurdunaldiaren kontrola, eta larrialdiak.

Osakidetzaren arabera "azken belaunaldiko teknologia" dute instalazioek, eta "asistentzia zirkuituak eta emakumearen zainketak" hobetuko dira horiei esker. Nabarmendu dute  aurrekoa baino ingurune "erosoagoa" izango dela. Erditze prozesu guztia espazio berean egin ahalko dela aurreratu dute, logela horiek horretarako prestatuta daudelako. 2.000 metro koadro hartzen ditu espazio berriak. 

Espero dute urtean 10.000 emakume igaroko direla bertatik. Horietatik, 2.150 erditzera joango dira. Horiez gain, 3.400 bat kontsulta eta 5.000 bat larrialdi artatzea espero dute.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago