Martxoaren 27an aurkeztuko dituzte Taulara mikroantzerki lehiaketako lan irabazleak

Erredakzioa 2022ko martxoaren 17a

'Euskal western bat', aurreko edizioko irabazleetako bat. / OIHANEDER

Benan Oregi Iñurrietaren Ezkaba 1938, Ainhoa Ordoñez eta Erik Perianesen Oroitzapen gorriak eta Anaiz Mendiboure eta Iratxe Gallardoren Titapia antzezlanak aurkeztuko dituzte martxoaren 27an, igandean, Oihaneder Euskararen Etxean.

Oihaneder Euskararen Etxeak, Laboral Kutxaren laguntzarekin, otsailaren hasieran aurkeztu zituen formatu txikiko antzezlan eta bakarrizketentzako Taulara lehiaketaren bigarren edizioko irabazleak, urtarrilaren 24an lanak entregatzeko epea amaitu ostean.

Jatorrizko lan onenaren saria Benan Oregi Iñurrietaren Ezkaba 1938 lanarentzat izan zen —1.500 euro jasoko ditu—. Bigarren saria Oroitzapen gorriak (Ainhoa Ordoñez eta Erik Perianes) proposamenak irabazi zuen, eta hirugarrena, berriz, Titapia (Anaiz Mendiboure eta Iratxe Gallardo) lanari egokitu zaio; bi lan horien kasuan, 750 euroko sari bana jasoko dute egileek.

Orain, hiru antzerki lan horien aurkezpenak martxoaren 27an izango dira, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Oihaneder Euskararen Etxean. Hiru lanen bi emanaldi egingo dira: 18:30ean eta 19:30ean. Lehenago, irabazleek zortzi asteko epea izan dute beren lanak prestatzeko. Aipatutako sariez gain, bertaratzen diren ikus-entzuleek publikoaren saria —500 euro—nori eman erabakiko dute.

Gonbidapenak dagoeneko eskuratu daitezke, ohiko kanaletatik: Bibe plataforman, 945 16 18 30 telefono zenbakian edo oihaneder@oihaneder.eus helbide elektronikoaren bitartez.

Proposamen arabarrak nagusi

Zortzi proposamen aurkeztu dira aurtengo ediziora, eta lanen "kalitate handia" nabarmendu zuten antolatzaileek. Proposamen arabarrak nagusitu dira, zortzi horietatik bost lurralde honetatik jaso baitira; beste bi Gipuzkoatik, eta bakarra Bizkaitik.

Gainera, epaimahaiak Araban ekoiztutako hiru lan aukeratu ditu, "kalitatea eta antzezgarritasuna, deialdi honetarako beren-beregi sortutako proposamena izatea, genero ikuspegia eta emakumeen zein 35 urtetik beherako gazteen presentzia" irizpidetzat hartuz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago