Hilda agertu da Hiru Erregeen Mahaian desagertutako mendizale gasteiztarra

Erredakzioa 2022ko mar. 17a, 16:15

Hiru Erregeen Mahaia mendiaren gailurra. / Argazkia: euskal-herria.org

Bi eguneko bilaketaren ostean, Hiru Erregeen Mahaia mendian asteartean desagertutako 40 urteko mendizale gasteiztarraren gorpua aurkitu dute ostegun honetan.

Bilaketa dispositiboak hilda aurkitu du Hiru Erregeen Mahaian desagertutako mendizalea. Asteartetik ez dute haren berririk izan, baina bi eguneko bilaketan makila batzuk aurkitu dituzte; antza denez, mendizaleak zeramatzanak.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, mendizalea astelehenean iritsi zen Linzako (Huesca) aterpera, eta handik ekin zion Hiru Erregeen Mahaira igotzeko ibilbide ohikoenari.

Astearteko 08:30ak aldera irten zen raketekin mendira igotzeko asmoz. Babeslekuko langileek iluntzean antzeman zutenez, mendizale gasteiztarra ez zen abiapuntura itzuli, baina bere autoak aparkatuta jarraitzen zuen. 20:00ak aldera Guardia Zibilari eman zioten desagerpenaren berri; orduan hasi ziren miaketak, baina ez zuen emaitzarik eman.

Bilaketa asteazkenean eta ostegunean jarraitu dute, Erreskate Teknikoko Taldeko suhiltzaileen eta Cordovilla eta Nabaskozeko parkeetako suhiltzaileen laguntzarekin, mendizale gasteiztarraren gorpua agertu den arte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago