Iradier Arenak Bioaraba azoka hartuko du asteburu honetan

Erredakzioa 2022ko mar. 17a, 09:00

Pandemia dela eta, 2019an egin zen BioAraba azokaren azken edizioa. / ALEA

Nekazaritza ekologikoa, bioeraikuntza, energia berriztagarriak, ehunak, kosmetika eta bidezko merkataritzako 70 enpresa bilduko ditu produktu jasangarrien Bioaraba azokaren VII. edizioak, martxoaren 18an, 19an eta 20an Iradier Arenan.

Martxoaren 18tik 20ra Iradier Arenara itzuliko da Bioaraba, Produktu Ekologikoen, Bizitza Osasuntsuaren eta Kontsumo Arduratsuaren Azoka, pandemiak eragindako bi urteetako etenaldiaren ostean.

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren (Ekolurra) eta Slow Food Arabaren laguntzarekin, Bioarabak askotariko tokiko ekoizleak bilduko ditu hiru egunez, 11:00etatik 21:00etara.

Elikagaiei dagokienez, barazkiak, esnekiak, arrautzak, perretxikoak, gozogintza, ogiak, kontserbak, taloak, marmeladak, eztia, garagardoa, sagardoa, ardoa, produktu dietetikoak, teak eta infusioak izango dira. Tokiko nekazaritzako elikagaien ordezkarien artean, Artepan, Mendialdeko Ogia, Urbide saskiak, Ekotalo, Kombucha Euskadi, Miguel Angel Lopez de Vicuña, Atxineta Baserria, Beltzitina Mermeladak eta Biok daude.

Berrikuntza gisa, Nafarroako Nekazaritza Ekoizpen Ekologikoaren Kontseiluaren (CPAEN) presentzia izango du azokak, hamar bat ekoizlerekin: besteak beste, Pasta Martinelli, Casa Paulina, Ekollaondo, Finca La Noria, Aranda Ekologikoak, El Puente Viejo, Pittika Gasnategia edo Domiña. Era berean, Gipuzkoako Konposta konpost organikoaren ekoizlea ere Gasteizen egongo da.

Bioeraikuntza, energia berriztagarriak, ehun naturala, kosmetika ekologikoa eta bidezko merkataritza sektoreek osatuko dute produktu jasangarrien azokaren eskaintza.

Hitzordu ugari

Gainera, ekitaldiak hainbat aurkezpen, erakustaldi, showcooking, tailer eta hitzaldi eskainiko ditu. Jarduera osagarri horiek, besteak beste, arkitektura biopasiboa, kosmetika ekologikoa eta elikadura beganoa izango dituzte ardatz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago