Zartada Gazte Ekimena urtarrilean aurkeztu zuten, "Euskal Herriko gazteria eta gazte mugimenduak batu, aktibatu eta elkarlanean jartzeko" asmoz, baita "elkarrekin hausnartu, ikasi eta mobilizatzeko" ere. Lehen asanblada Gasteizko Judimendi auzoko Sumendi Espazioan egin zuten abenduan, eta bilera hartatik atera zen elkargune baten beharretik topaketa bat egiteko proposamena.
Horregatik, martxoaren 18an, 19an eta 20an Gasteizen hiru eguneko egitaraua antolatuko dute, Bat egitetik, hamaika izatera lelopean.
Egunotan eman dute egitarauaren berri. Ostiraleko 18:00etan hasi eta igandeko eguerdira bitartean, gazte mugimendua, gazte problematikak, euskalgintza, sorkuntza, hezkuntza eta bestelako gai asko jorratzeko hitzaldiak, mahai-inguruak eta tailerrak izango dira, mobilizazioa, formazioa eta aisialdia uztartuz.
Horrekin batera, hainbat talderen kontzertuak izango dira ostiralean, Gasteizko Gaztetxean: The Lio, Sigeruban eta Berebiziko DJak arituko dira. Larunbat gaueko txanda, berriz, DJ Malandro, DJ Garrote eta DJ PezONena izango da, Hala Bedi, Garraxi eta Txapelarri tabernetan musika jartzeaz arduratuko baitira.
