Astearte honetan, Arabako Lurralde Auzitegiaren 2. Sekzioko epaileak 47 urteko kartzela zigorra ezarri dio 2018ko apirilaren 20an, Arriaga-Lakua auzoan, bikotekide eta amaginarreba ohiak labankadaz hil zituen 50 urteko gizonezkoari.
Herri epaimahaiak erruduntzat jo ostean, akusazioek eskatutako astungarri guztiak —azpikeria, basakeria eta genero larrigarria— kontuan hartu ditu zigorra ezartzeko; gainera, defentsak argudiatutako aringarria —buru nahasmendua— baztertu egin du.
Fiskaltzak 50 urteko zigorra eskatzen zuen, akusazio partikularrak 55 urtekoa, eta Clara Campoamor elkarteak ordezkatutako herri akusazioak 60 urtekoa. Nolanahi ere, 47 urteko espetxe zigorra ebatzi duen epaia "historikotzat" jo dute akusazioek. Izan ere, Espainiako Estatuan "basakeria edo ankerkeria moralaren" astungarria aplikatzen den lehen aldietako bat izan da.
Kontuan hartu behar da, gainera, defentsak zortzi urteko zigorra ezartzea eskatu zuela, "homizidioa" izan zela eta egileak "buruko arazoak" zituela argudiatuta. Nolanahi ere, epaileak ebatzi du gizonak basakeria fisikoa erabili zuela emazte ohiaren aurka, eta basakeria psikikoa amaginarrebaren aurka, alaba nola hiltzen zuen ikusi behar izan zuelako.
Bikotekide ohi Maria Joseren hilketagatik 24 urteko zigorra ezarri du epaileak (43 urte zituen); amaginarreba ohi Florentinaren hilketagatik, berriz, 23 urtekoa (69 urte zituen).