EGURALDIA

Hauts ganduaren biharamuna

Erredakzioa 2022ko mar. 16a, 08:23

Hodeiak arratsaldean ugarituko dira, eta bihar tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira; euria ere bota lezake.

Saharatik etorritako kalimak egun argitsua izan behar zena zapuztu zuen atzo, eta askok maskara janzteari ekin behar izan zioten berriro, kasu honetan, hegoaldetik etorritako hautsari aurre egin nahian. Ez kezkatu gehiegi: basamortuko hautsa arnasteak bizi esperantza dezente murrizten duen arren, guztiz naturala da, neguan tximinietatik ateratzen den karbono monoxidoa bezala. Eta Nigerreko uranio meategi erraldoien alboan aire zabalean dituzten uranio hautsen hondarrak, etortzekotan, kontzentrazio homeopatikoan etorriko dira.    

Hipokondriakoentzako tartea alde batera utzita, gaurkorako zeru hodeitsuak iragarri dituzte, batez ere arratsalderako, eta baita kalima gehiago ere. Euskalmeten iragarpenari esker ikasi dugu kalimari hauts gandua esan behar zaiola, eta txintxo-txintxo erabiliko dugu hemendik aurrera. Hegoaldetik joko du haizeak, ahul bizi gehienetan, baina zenbaitetan zakar. Termometroa 6 eta 16 gradu artean ibiliko da.

Osteguna are hodeitsuagoa izango da, eta euria egin ahal izango du ere. Haizea ere bizi ibiliko da, iparraldetik oraingoan. Egun hotza izango da bezperatik alderatuta, baina minimoak behintzat ez dira asko jaitsiko: 8 eta 9 gradu artean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago