Azken urtean egindako lana argitara ateratzeko asmoz, Tira: elikadura eta etxebizitza herri egituren aldeko jaialdiaren lehen edizioa antolatu dute Herrizoma elikadura sareak eta Auzoan Bizi etxebizitza sareak. Larunbat honetan izango da, martxoaren 19an, 14:00etatik aurrera.
Bi kolektiboak —edo, hobe esanda, egitura komunitarioak— duela urtebete inguru sortu ziren Gasteizko Alde Zaharrean, elikadura zein etxebizitza problematiken aurrean "kolektiboki antolatzeko".
Denbora horretan, Herrizoma eta Auzoan Biziren arteko elkarlanerako hautua egin dute: "Gaur egun gure bizi kalitatea kaskartzen ari da, eta egoera are gehiago larriagotuko dela aurreikus daiteke. Egoera honen aurrean, beharrizanei kolektiboki erantzuteko apustua egin dugu", aldarrikatu dute. Horretarako, "elkartasunean oinarritutako herri egituretan" sinisten dutela azpimarratu dute.
"Gaur egun, daukagun diru kopuruak arautzen du zer eskubide dauzkazun, izan etxebizitza, elikadura zein bestelako beharrizanak asetzeko. Honen aurrean, egitura hauen bidez gaitasun kolektiboa handituz joango gara behar materialei erantzuteko, eta gutxituz joango da merkatuarekiko daukagun menpekotasuna, pixkanaka baina oinarri sendoekin", azaldu dute.
Bide horretan aurkeztu dute Tira, "elkar ezagutu, auzora ireki eta sostengu ekonomikoa lortzea" helburu duen jaialdia. 14:00etik aurrera, herri bazkaria egingo dute Auzolana Pilotalekuan; txartelak 5 eurotan salgai daude Herrizomaren lokalean, Kutxi kaleko 72. zenbakian, ostegunero zabalik 17:00etatik 20:30era. Ondoren, bazkalosteko jolasak eta ekimenak egingo dituzte auzoan zehar.
Azkenik, jaialdia borobiltzeko, Pelax eta Bidelapurrak taldeen kontzertuak eta hainbat DJren sesioak ikusi ahal izango dira Gasteizko Gaztetxean, 21:00etatik aurrera; kasu honetan, sarrerak 5 eurotan daude salgai Txapelarri tabernan.
Auzoan Bizi etxebizitza sarea
Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza sarea da Auzoan Bizi. Bere helburua "auzokideen etxebizitza problematikei modu kolektiboan erantzutea" da.
"Sistema kapitalista heteropatriarkalaren oinarrian bizitzaren esparru guztiak merkantilizatzea dago, eta sistema horretan etxebizitza ez da salbuespena. Gaur egun sufritzen dugun klase ofentsibaren aurrean, pertsona orok, eta bereziki, langile klaseak, emakumeek* eta pertsona arrazializatuek etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatzen saiatzen gara. Horretarako, autogestioan eta elkar laguntzan oinarritzen gara, gure asanbladara iristen diren etxebizitza problematikak modu kolektiboan erantzuten, horretarako ditugun eta izango ditugun tresnak erabiliz", azaldu dute.
Herrizoma elikadura sarea
Bestalde, Herrizoma Elikadura Sarean "elikadura beharrak kolektiboki asetzeko pausoak" eman dituzte azken urtean. Maiatzean aurkeztu zen proiektua eta pertsona ugari batu dira ordutik sarera, handituz doa komunitatea.
Alde batetik, erosketa kolektiboak egiten dituzte: denon artean erosten dituzte produktuak, gertuko ekoizleekin harremanetan, ekoizpen ekologikoa edo produktu eskuragarriak lortzeko. Bestalde, ekoizpen propioak ere badituzte, pixkanaka handitzen doazenak, eta horiek bizilagunen artean modu komunalean banatzen dituzte: "Jabetza kolektibokoak dira guk ekoiztutako produktu guztiak", azaldu dute.
Oraingoz, baratza bat daukate Errekaleorreko lurretan, sendabelarrekin higiene eta osasun produktuak egiten dituzte, eta garagardoa, perretxikoak zein askotariko kontserbak ekoizten dituzte.
