Martxoaren 19an "bizitza garestitzearen" aurkako manifestazioa deitu du Kontseilu Sozialistak

Erredakzioa 2022ko mar. 15a, 13:32

Kontseilu Sozialistak eta GKSk martxoaren 3an antolatutako Bloke Sozialista. / Argazkia: GEDAR

Kontseilu Sozialistak argindarraren, gasaren, elikagaien eta gasolinaren prezioen gorakada salatzeko mobilizazioak deitu ditu larunbaterako Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Bizitzaren garestitzea gelditu! lelopean. Gasteizkoa 18:30ean hasiko da Correosetik.

"Krisialdi ekonomiko eta soziala iraunkorra ari da izaten. Azken bi urteetako pandemiaren testuinguruan, normalizatu egin dira osasun hondamendia eta oinarrizko eskubideen urraketak. Orain, itxura batean pandemia bigarren plano batera pasatzen ari den honetan, mundu mailako agintariek gerra batean sartu gaituzte", salatu du Kontseilu Sozialistak.

"Jakina den bezala, gerraren gastuak herritar xumeok ordainduko ditugu, alde batekoek zein bestekoek. Gerra azken urteetan areagotzen ari zen pobrezia eta eskasia handitzera etorri da, eta oinarrizko produktuen prezioak biderkatzen ari dira; esan gabe doa gastu gehigarri horien zama langile klasearen gain eroriko dela", ohartarazi dute. "Batzuk gerrarekin euren poltsikoak betetzen ari diren bitartean, besteok ezin dugu hilabete bukaerara iritsi".

Prezioen igoera

Testuinguru horretan, "burgesiaren irabazi tasa proletarioen bizkarrean gero eta jasangaitzagoa" dela salatu du Kontseilu Sozialistak, prezioen igoeraren adibide batzuk zerrendatuz:

  • Gasolina: 2020ko otsailean, litro bat gasolinak 1,10 euro eta gasolioak 1,01 euro; gaur egun, bi eurotatik gertu.
  • Gasa: duela urtebete baino %561,8 garestiagoa da gaur egun. Ukrainako gerrak orduko MW-ren prezioa 200,9 eurotaraino eraman du, eta "berogailua luxuzko artikulu" bihurtzen ari dela ohartarazi du Kontseilu Sozialistak.
  • Argindarra: %598,18ko igoera eman da 2021eko martxoarekin alderatuta. "Iberdrolak, bitartean, 3.885 milioi euroko mozkin errekorra izan berri du", salatu dute.
  • Erosketa saskia: krisialdia oinarrizko biziraupen produktuetara heltzen ari da, prezioen igoerarekin eta hornidurarik ezarekin.

Manifestazioak lau hiriburuetan

"Prezioen errekor historiko horiek langile klasearen bizi baldintza kaskarrak okerragotu baino ez dituzte egiten. Basakeria honen aurrean, antolatu eta mobilizatu besterik ezin dugu egin". Kontseilu Sozialistaren ustez, egoera honen aurrean "mobilizatzea eta antolatzea" baino ez da geratzen. "Jada agerikoa da politikari profesionalak, insituzio burgesak eta bankari zein enpresari handiak arazoaren parte direla. Horrenbestez, geure kabuz ekitea baino ez zaigu geratzen", aldarrikatu dute.

Horregatik, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako Kontseilu Sozialistek manifestazioak deitu dituzte martxoaren 19an, larunbatean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago