Gasteizko suhiltzaileen espedizio bat abiatu da Ukrainara, lau furgonetarekin

Erredakzioa 2022ko martxoaren 15a

Furgonetak kargatzen, Ukrainarantz abiatu aurretik. / Argazkia: Acción Norte Vitoria

Gaur goizean, laguntza humanitarioz betetako lau furgonetako espedizio bat abiatu da Ukrainako mugara, Gasteizko suhiltzaileen Acción Norte GKEaren ekimenez.

Gasteizko suhiltzaileek elikagaiak, higiene pertsonaleko produktuak —bereziki haurrentzat eta emakumeentzat—, sendagaiak eta osasun materiala Ukrainara eramango dituzte, lau furgonetatan. Gainera, mugara iritsitakoan, zertan gehiago lagundu dezaketen baloratuko dute: "Misioa, ulertzen dugun bezala, ez da amaituko ibilgailuak deskargatzean", azaldu du Juan Carlos Delgado GKEaren presidenteak.

GKE hau larrialdietako profesionalek osatzen dute: "Esperientzia handia dugu tentsio emozional handiko egoeretan mugitzen, eta ziurtzat jotzen dugu aurre egingo diegun egoerak dramatikoak izango direla", azpimarratu du Delgadok. Hala ere, prest daude beren aletxoa jartzeko eta "behar den guztian" laguntzeko.

Espedizioa posible egin duten herritarrei eskerrak eman dizkiete: "Lehenik eta behin, Arabako herritarrei, ez baitute zalantzarik izan laguntza humanitarioa jasotzeko egin dugun deialdiari eskuzabaltasunez erantzuteko. Halaber, Osakidetzako langileei eta, bereziki, Gasteizko erizaintza eskolari eta Gasteizko suhiltzaileen zerbitzuari ere eskerrak eman nahi dizkiegu, emandako laguntzagatik".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago