Erakusketak, hitzaldiak eta askotariko ekitaldi politiko-kulturalak antolatzen dituzte Etxerat elkarteak eta Sare Herritarrak Gasteizen, Errota auzoko Kutxa plazako 7. zenbakian elkarbanatzen duten Elkartasun Gunean. Dinamika horren barruko hurrengo hitzordua ostegun honetan izango da, martxoaren 17an, 19:00etatik aurrera.
Izan ere, Suversión. No más montajes judiciales dokumentala proiektatuko dute oraingoan. Filma 2021eko azaroan estreinatu zen Kolonbian, herrialde horretako preso politikoei babesa emateko senide eta lagun taldeak martxan jarritako Objetivo Libertad (Helburua Askatasuna) kanpainaren barruan.
Kolonbian bizi den errealitate errepresibora hurbiltzeko aukera eskaini nahi dute antolatzaileek, "mugimendu sozialak jasaten dituen erasoak, atxiloketak, muntaia polizialak... hobeto ezagutzeko". Horretarako, ikus-entzunezkoaz gain, errealitate hori hurbiletik ezagutzen duten hiru pertsona gonbidatu dituzte: Gloria Silva abokatu kolonbiarrak testuingurua kokatuko du, eta Lina Jimenez Numpaque eta Mateo Gutierrez Leon gazteek bertatik bertara bizitako beren esperientziak konpartituko dituzte; gainera, hiruren artean, sor daitezkeen zalantza eta galderei erantzungo diete.
