Judimendiko jaiak antolatzeko bilera ireki bat egingo dute martxoaren 14an

Erredakzioa 2022ko martxoaren 11

Judimendiko jai batzordearen prentsaurreko bat, iraganean. / ALEA

Aurtengo Judimendiko jaiak antolatzeko bilera irekia deitu du auzoko jai batzordeak, pandemiaren ostean "betiko" formatua berreskuratzeko asmoz. Martxoaren 14an, astelehenean, Judimendiko Auzo Elkartean bilduko dira, 19:00etan.

"Judimendik behar zaitu", dei egin du auzoko jai batzordeak. Izan ere, udaberriaren atarian, gero eta gertuago daude 2022ko Judimendiko jaiak.

Urtero bezala, jai batzordea martxan dago jada, pandemiaren ostean lehen aldiz "betiko" formatua berreskuratzeko asmoz —jakina, osasun egoerak ahalbidetzen duen neurrian—; besteak beste, txosnagunea itzuliko da.

"Judimendiko jaiak betidanik izan dira herrikoiak, auzotik eta auzoarentzat. Auzolanean eta elkarlanean oinarritutakoak, auzokide guztien parte hartzea eskertu dutenak", azaldu dute. "Azken bi urteetan, pandemiak mugatu du gure jarduna, baina festak aurrera ateratzeko apustua egin genuen inoiz baino indar handiagoarekin. Badira jada bi urte bilera irekiak egiten hasi ginela auzoko komunitatea osatzen duen oro gonbidatuz, hala nola, auzoko norbanako zein eragile, kolektibo, komertzio, tabernari, elkarte, aisialdi taldeak, adinekoen zentroa...".

Auzoko jaiak "aniztasunean oinarritutakoak eta belaunaldiarteakoak" izan behar direla uste dute, eta horregatik bilera irekia antolatu dute datorren astelehenerako, martxoaren 14rako, 19:00etan Judimendiko Auzo Elkartean (Cola y Goiti kaleko 5. zenbakian). "Judimendikoa den edonori eta auzoaren komunitatearen parte izan nahi duenari" luzatu diote parte hartzeko gonbidapena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago