Udaberrian Tricicle, Carlos Hipolito, Josep Maria Pou eta Albert Pla izango dira Principal Antzokian

Erredakzioa 2022ko mar. 11a, 12:20
Tricicle, Carlos Hipolito, Josep Maria Pou eta Albert Plaren azken lanak aurkeztuko dira. / ALEA

Gasteizko Udal Antzoki Sareak 28 ikuskizun programatu ditu udaberriko denboraldirako, tartean Tricicle, Carlos Hipolito, Josep Maria Pou eta Albert Plaren azken lanak. Abonamenduak martxoaren 28tik aurrera erosi ahal izango dira; sarrerak hilaren 31tik aurrera.

Badator udaberria Gasteizko antzokietara. Ikus-entzuleek antzerki, dantza, musika eta operako 28 ikuskizunez gozatu ahal izango dute: horietako 22 Principal Antzokiaren agertokian, eta beste sei gizarte etxeetan —Jim Aktual, Ikuskizuna Ibaiondon eta Dantza Sarean zikloen barruan—.

Estibaliz Canto Kultura zinegotziak eta Udal Antzoki Sareko zuzendari Marta Monfortek ostiral honetan aurkeztu dute udaberriko denboraldia. Iragarri dutenez, abonamenduak martxoaren 28tik aurrera eskuratu ahal izango dira: udaberriko denboraldirako abonamenduak martxoaren 28, 29 eta 30ean salduko dira; martxoaren 30ean hasiko dira abonamendu irekien salmenta, aldez aurretik hitzordua eskatuz (martxoaren 22tik aurrera), eta martxoaren 31n hasiko da sarrera solteen salmenta.

Antzerkia, euskara eta umorea

Helduentzako antzerkia abonamenduak bost proposamen hartuko ditu: apirilaren 22an eta 23an, Lo fingido verdadero, Antzerki Klasikoko Konpainia Nazionalarena, Lluis Omar zuzendari eta Israel Elejaldek protagonista dituela; maiatzaren 5ean, Pont Flotant konpainiaren Acampada; hilaren 7an, Carlos Hipolitok Oceanía aurkeztuko du; eta hilaren 26an, Miguel Angel Muñoz eta Cuca Escribano izango dira Principal Antzokian, El síndrome del copiloto lanarekin.

Abonamendua ixteko, Arriaga antzokiak eta Antzokien Udal Sareak batera ekoitzitako Erresuma/Kingdom/Reino antzezlana iritsiko da: ekainaren 9an euskarazko bertsioa, eta 10ean eta 11n gaztelaniazkoa, Josep Maria Pou aktorearekin.

Bestalde, Euskarazko antzerkia abonamenduak hiru hitzordu eskainiko ditu: maiatzaren 18an, Tartean konpainiaren Ez dok ero, Principal antzokian; ekainaren 16an, Les Bobé Bobè konpainiaren (H)Ondoko gela, Felix Petite antzokian; eta baita Erresuma/Kingdom/Reino antzezlanaren euskarazko bertsioa ere.

Horrez gain, hiriko gizarte etxeek beste bi antzezlan hartuko dituzte, Jim Aktual zikloaren barruan: Exlimite konpainiaren Los Remedios, maiatzaren 6an; eta David Espinosaren Conferencia espectacular, maiatzaren 12an.

Azkenik, Umore giroan zikloak hiru ikuskizun aurkeztuko ditu: ekainaren 17an, Ron Lalá konpainia Villa y Marte ikuskizun berriarekin iritsiko da; Tricicle taldeko Carles Sans ekainaren 18an izango da gure artean, Por fín solo ikuskizunarekin; eta Teatro del Barrio konpainiak Cómo hemos llegado hasta aquí lana ekarriko digu, Olga Iglesias eta Nerea Perez de las Herasen eskutik.

Bost dantza ikuskizun

Udal Antzoki Sarearen programazioan ez da dantza faltako, eta abonamenduak bi pieza eskainiko ditu Principal Antzokian: maiatzaren 19an, Lucia Lacarrak eta Matthew Goldingek In the still of the night ekarriko dute Gasteizera; ekainaren 3an, berriz, Jove Companyiak IT Dansa aurkeztuko du.

Bi horiei Felix Petite antzokian egingo diren beste hiru proposamen gehitu behar zaizkie, Dantza Sarean zikloaren barruan: Arima, Amaia Elizaran eta Liam O'Maonlai dantzarien eskutik, maiatzaren 13an; Nancy en Vietman, Altraste Danza konpainiarena, maiatzaren 21ean; eta Hamaika, Cielo Raso taldearena, ekainaren 10ean.

Udal banda, Albert Pla eta Juan Valderrama

Musikari dagokionez, Principal Antzokiak hiru kontzertu eskainiko ditu: maiatzaren 11n, Gasteizko Udal Musika bandak Carpe Diem aurkeztuko du; Albert Pla abeslariak ¿Os acordáis? ikuskizun sortu berria ekarriko du, maiatzaren 21ean; eta, maiatzaren 28an, Juan Valderramak Mujeres de carne y Verso eskainiko du, Poetak Maiatzean zikloaren barruan.

Opera ere izango da egitarauan: Avoz elkarteak Pagliacci aurkeztuko du maiatzaren 13an eta 15ean.

Eskaintza horri, gainera, Kontzertu Handien Zikloa gehitu behar zaio, bi emanaldirekin: maiatzaren 27an, El jardín de Farinelli, Carlos Mena eta Forma Antiqva musikarien eskutik; eta, ekainaren 1ean, Camerata Ireland.

Euskadiko Orkestrak, bere aldetik, hiru kontzertu eskainiko ditu: Mahler, maiatzaren 6an; Dutillex+Elgar/Catalán, maiatzaren 20an; eta Elgar+Bartok/Wagner, ekainaren 7an.

Mayumana, uztailean

Uztailaren 29an, 30ean eta 31n, Mayumana konpainiaren Currents ikuskizuna ikusi ahal izango da, pandemiaren ondorioz bertan behera utzi ostean. Egun bakoitzean bina saio egingo dira, 19:00etan eta 21:30ean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide