Ekintza 11:30ean hasiko da, El Carmen Helduentzako Hezkuntzako Ikastetxearen (HHI) parean dagoen plazan, Santiago kalea eta Judimendi hiribidea gurutzatzen diren puntuan.
Ez da lehen aldia izango ekintza hau egiten dutela. Izan ere, 2016tik egin izan dute, baina azken bi urteetan ez, Covid-19aren pandemia dela eta. Orain, egoera hobetu denez, egitasmoa berreskuratzeko erabakia hartu dute. One Billion Rising kanpaina globala da, eta munduko hainbat tokitan egiten da urtero, denek abesti berdina dantzatuz: Break the Chain.
"Urtero, egiturazkoa den biolentzia matxistaren aurka egin eta bere amaiera exijitzeko dantzatzen dugu. Halaber, emakume jaiotzeagatik munduko zonalde desberdinetan heldu zein umeek pairatzen dituzten erasoak ikusarazi eta salatu nahi ditugu", azaldu du zentroko hezkuntza komunitateak.
Aurten, nobedade gisa, lehen aldiz parte hartuko dute Arana eta Aranbizkarrako Bizan zentroko zunba ikasleek. Gainera, Judimendi eskolako ikasleak ere ikusle moduan egongo dira.
