Albertia Campus egoitzako langileak mobilizatzen hasi dira, "gaindituta eta nekatuta" daudelako

Erredakzioa 2022ko martxoaren 9a

Albertia Campuseko langileen protesta, egoitzaren aurrean. / Argazkia: LAB

"Gure muga gainditu eta nekatuta gaude", ohartarazi dute Gasteizko Albertia Campus egoitzako langileek. Lan baldintzak eta arreta-ratioak hobetzea eta egoitzetako hitzarmen probintziala negoziatzea exijitzeko mobilizatzeari ekin diote.

Beste lan gatazka bat Arabako egoitzetan; oraingoan, Gasteizko Nieves Cano kaleko Albertia Campus zentro pribatuan: "Gizarteari adierazi nahi diogu nola sentitzen garen une honetan: egoitzako erizaintzako laguntzaileok 2020tik daramagu nekea, akidura fisikoa zein morala sufritzen", ohartarazi du LAB eta ELA sindikatuek osatutako enpresa batzordeak, ohar batean.

Azaldu dutenez, Covid-19aren pandemiaren seigarren olatuan banan-bana kutsatu dira, eta horrek dagoeneko zeukaten lan kargari "gehitzen zaion osagarri bat gehiago" ekarri du. "Ez gara ordezkatuak, txandak bikoizten ditugu, lan ordu gehiago egutegiaren arabera atseden hartzea tokatzen den egunetan. Hainbatetan, txanda bakoitzeko langile gutxiagorekin", salatu dute.

Baina, diotenez, hori ez da okerrena: "Olatu honetan lana ez da beti bezalakoa izan. Konfinatutako egoiliarrak beren logeletan artatu behar izan ditugu; egongelan denbora gehiena ematen duten egoiliarrak. Egoiliarrak familia irteeretarako prestatu, familiak ezin baitziren egoitzan sartu".

Material falta eta lan karga

Gainera, pandemiaren hasieran egongo bagina bezala, Norbera Babesteko Ekipamenduen (NBE) gabeziarekin lan egiten eta materiala berrerabiltzen dutela salatu dute: "Pandemiaren hasieran ulertzen genuen, ez baitzegoen inorentzako materialik. Ezin da izan industriako enpresek zaintzarako lan egiten dugunok baino ekipamendu eta segurtasun material gehiago izatea", salatu dute.

"Lan karga desberdinez gainezka sentitzen gara, egunero behar desberdinak sortzen dira, eta horren ondorioz, gehiago kargatzen gara", azaldu dute. "Egoitza pribatuetan laguntzaileok askotariko atazak egiten ditugu, hala nola erizaintza, garbiketa, sukaldea... Asteburuetan, jaiegunetan eta zubietan laguntzaileok gara bertan egoten garenak. Guk, garbiketakoekin batera, eguneko 24 orduetan egiten dugu lan, 365 egunetan, soldata prekarioaren truke. Non geratzen dira gure eskubideak, gure bizitza, gure familia-kontziliazioa? Lan egin behar dugu, zein preziotan?".

"Lana aurrera ateratzen da egiten duguna gustatzen zaigun profesionalak garelako, sentitzen, sufritzen eta pairatzen duten pertsonekin lan egiten dugulako. Ez dugu torlojuekin lan egiten, baina badirudi horrek balio handiagoa duela. Lan duina egiten dugu eta harro sentitzen gara horretaz", adierazi dute, zaintza sektore feminizatua izatea "kasualitatea" ez dela ohartaraziz.

Negoziazioa eta erakundeen inplikazioa

Gogorarazi dutenez, Gipuzkoa eta Bizkaiko lankideek baino batez beste 200 ordu gehiago lan eta 400 euro gutxiago kobratu egiten dute Arabako egoitzetako langileek. Horregatik, lan baldintzak eta arreta-ratioak hobetzea eta egoitzetako hitzarmen probintziala negoziatzea exijitu dute.

"Instituzioak dira gertatzen den guztiaren erantzule, zaintza lanak ez luketelako negozioa izan behar. Pertsonengan oinarritutako arreta dela harro agertzen dute, eta hori guztiz idilikoa da, ez baita egingarria dekretuak ezartzen dituen ratioekin; izan ere, badakigu ratio horiek igo daitezkeela, baina hori dirutan zenbatzen da, eta ez dute egiten", kritikatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago