Gure bazterrak

Fakultateen artean, oasi bat

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko mar. 6a, 10:00

Maria de Maeztu parkean lehengo Las Nieves babes-etxearen atea gordetzen da. ZARATEMAN

Maria de Maeztu izan da orain arte, Gasteizen, emakume baten izena izan duen parke bakarra; bizitza osoa irakaskuntzan eta emakumearen alde lan egin zuen gasteiztarrak hiru hektarea ditu, campusean.

Bostehun zuhaitz inguruko hiru hektareako parkea da Gasteizko hegoaldean, Euskal Herriko Unibertsitateko campusaren erdi-erdian. Maria de Maeztu parkea izan da orain arte emakume baten izena eraman duen berdegune bakarra hirian; alta, akatsa zuzentzeko erabakia hartu berri du udalak, eta aurki Gasteizko beste bederatzi espaziok, horien artean bi parkek, emakumeen izenak izango dituzte.

Maria Maeztu parkea Gasteizko hegoaldeko parke nagusietako bat da, eta zaharrena. Euskal Herriko Unibertsitateko Liburutegiaren eraikinaren eta campuseko ikasgelategiaren ondoan dago. Hasieran, unibertsitatearen eraikina eta parkea Las Nieves babes-etxearen multzoaren zati ziren, eta harresiz itxita zegoen eremua. Unibertsitatea iritsi zenean, harresiak kendu zituzten, eta parkea herritar guztiei ireki zitzaion, nahiz eta jabetza Euskal Herriko Unibertsitatearena izan.

Ikasgelategia eta liburutegiaren ondoan dago parkea, Gasteizko campusean

Naturaren aldetik, parkearen ezaugarri nagusia zuhaitz helduak izatea da, gehienak Las Nieves babes-etxearen zati zen garaitik heredatutakoak, eta neurri txikiko bideak izatea. Fakultateen joan-etorrien eta autoen zaraten artean, oasi berde bat da Maria de Maeztu, zuhaitz handiek eta belardia zeharkatzen dituzten bideek marraztua.

Fausto Iñiguez de Betolaza arkitekto arabarrak proiektatu zuen Santa Maria de las Nieves Babes-Etxe Probintzialaren eraikina. 1902. eta 1907. urteen artean eraiki zuten, eta 1907ko abuztuan Alfontso XIII.a erregeak inauguratu zuen. 1989an, berriz, egoitza zaharra Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa izatera pasatu zen, eta bere jatorrizko funtzioa galdu zuen. 1994ra arte eraikina abandonaturik egon zen, eta urte horretan, EHUk ikasgela bat zabaldu zuen babes-etxe zaharraren zati batean. Gainerako eraikina erabilerarik gabe utzi zuten, eta horrek erabateko hondamendia ekarri zuen. Hala ere, 2000. urtera arte, ez du Jose Luis Catonek Arabako Campuseko liburutegi nagusi gisa Las Nieveseko eraikinerako birgaitze-memoria osoa aurkeztuko, eta eraikin zaharrari funtzio berri bat emango dio. Las Nieves babes-etxearen parkea ere urte horretan zabaldu zen gasteiztar guztientzat, eta nola ez, parkeak Maria de Maeztu izena hartu zuen, pedagogo eta feminista gasteiztar ospetsuaren omenez.

Parkearen ezaugarri nagusia zuhaitz helduak izatea da, gehienak Las Nieves babes-etxearen zati zen garaitik heredatutakoak

Bizitza osoa irakaskuntzan eta emakumearen sustapenean lanean eman zuen Maria de Maeztu Whitneyk (1881-1948), sinetsita baitzegoen heziketaren eskutik etorriko zela emakumearen emantzipazioa. Gasteizko Maistren Eskola Normalean egin zuen bere ibilbide profesionalaren zati bat. Bertan lortu zuen bere titulua, baina Madrilen amaitu zuen, Santanderren, Bilbon, Cadizen eta Gasteizen denbora gutxi eman ondoren. Harreman estua izan zuen Jose Ortega y Gasset eta Juan Ramon Jimenezen ingurune intelektualarekin. Ernestina de Champourcin (1905-1999) poetarekin ere harremana izan zuen; izan ere, Maria de Maeztuk sortu zuen Lyceum Club-aren inaugurazioan eta lehen garaietan ere parte hartu zuen poetak.

Historia de la cultura europea eta El problema de la ética lanen egileak Buenos Airesera (Argentina) alde egin zuen, 1936an, bere neba Ramiro de Maeztu intelektuala fusilatu ondoren. Han, 1948an hil zen arte, Hezkuntzaren Historiako katedra bete zuen. Gorpua, Lizarrako (Nafarroa) familiaren mausoleoan dago. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago