Irati Leon, Paula Amilburu

"Kaleak, espazioak eta gorputzak berreskuratu nahi ditugu"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko mar. 4a, 07:00

Paula Amilburu eta Irati Leon, Gasteizko Mugimendu Feministako kideak. E.U.

Martxoaren 8an "sistemari su ematera" deitu du Euskal Herriko mugimendu feministak, eta horretarako "garra" feminismoa dela gaineratu dute Gasteizko mugimenduko kideek. Antolakuntzarako espazioak eta kaleak berreskuratzeko deia egin dute. 

Zapaltzen gaituen sistemari sua, feminismoa da gure garra lemarekin aterako da kalera, Martxoaren 8an, Euskal Herriko Mugimendu Feminista. Pandemiaren kudeaketak ekimen eta artikulazio politikorako sortu dituen oztopoak aipatu dituzte Gasteizko Mugimendu Feministako kide Irati Leon Hernandezek (Gasteiz, 1989) eta Paula Amilburu Izargaraik (Aramaio, 1989), eta horren aurrean, feminismoak kolektiboa eta antolakuntza berreskuratu behar dituela azpimarratu dute, "gure espazio, kale eta gorputzez berreskuratzeko prozesu horretan, beldurrari aurre egitea".

Azken urte honetan lantzen ari zareten boteretze kolektiboaren barruan, zer planteatzen du mugimendu feministak Martxoaren 8rako?

Printzipioz, ulertu behar da Martxoaren 8a indar erakustaldi bat dela mugimendu feministaren aldetik, eta zehazki data hauetarako aurrelanketan, martxoaren 5ean, asanblada bat deitu dugu, kolektibo ezberdinekin, eta ostean kalejira bat. Martxoaren 8an bertan, goizean, herrietan edo auzoetan, mobilizazio deszentralizatuak egingo dira; eta gero, arratsaldean, San Anton plazatik ohiko manifestazioa.

Zapaltzen gaituen sistemari sua, feminismoa da gure garra da aurtengo leloa. Zer mezu kaleratu nahi du mugimendu feministak?

Suaren metaforaren bidez, aurtengo erronka da feminismoan antolatzeko deia egitea. Zapaltzen gaituen sistema hori identifikatzetik edo hitzak jartzetik haratago, horren aurrean tresna kolektiboak sortzeko eta antolatzeko deia egiten dugu.

Antolakuntza feministan jarri duzue azentua aurtengo deialdietan. Zergatik?

Egia da 2018 eta 2019 urteetako greba feministen boom-a edo izan zela, paradigma aldaketa bat eman zela, inoizko mobilizazio jendetsuenak izan ziren eta egun oso potenteak; eta gero, pandemia iritsi zenean, igarri zen biltzeko eta saretzeko zailtasun pilo bat eduki ditugula, eta espazioak murriztu egin direla, eta guri zaila egin zaigu horrelako gune bat eskaintzea antolatu nahi duen jendeari. Gaur egun ere saiatu gara hori nolabait indartzen, eta hor jarri dugu fokua, uste dugulako antolakuntza beharrezkoa dela; nahiz eta izan jende masa handi bat feminismoarekin identifikatuta sentitzen dena, gero antolakuntzarako ez dago horrenbesterako indar. Feminismoan antolakuntzak ematen ditu gauza asko, beste borroka batzuekin saretzea…

Mugimendu feminista antolatua aldarrikatzea da helburua?

Mugimendu feministatik ez dugu ulertzen feminismoa antolakuntzarik gabe, ulertzen ez dugun bezala feminismoa mugimendu gabe. Iruditzen zaigu, azkenean, feminismoa tresna bat dela bestelako errealitate, kolektibo, zapalkuntza, eta sentsibilizazio borroka batzuekin bat egiteko. Intersekzionalitatearen ikuspuntu batetik, feminismoa tresna bat da ulertzeko beste zapalkuntza ardatz batzuk, generoa ez delako analisirako kategoria bakarra. Horrela ulertzen dugu guk feminismoa, antolatzeko tresna bat bezala, saretzeko tresna bat bezala, eta aurtengo apustua hori da. Grebetan sortu zen estrategia hori berreskuratzea eta horrekin jarraitzea nahi dugu, eta pandemiaren kudeaketak ekimen politikorako eta artikulazio politikorako sortu dituen muga edo oztopo horiei berriro aurre egitea. Kaleak eta antolakuntzarako espazioak berreskuratzea, eta gure espazioak, kaleak eta gorputzak berreskuratzeko prozesu horretan, beldurrari aurre egitea.

Gatazka aldarrikatu du mugimendu feministak. Zer zentzutan?

Feminismoa mugimendu gabe eta gatazka gabe ulertzea zaila da. Azken batean, bizirik dagoen zerbait ere bada, eta bertan ematen diren gatazkak baliagarriak dira mugimendua hazten jarraitzeko, artikulatzen jarraitzeko, eta kontzientzia, sentsibilizazioa izateko, sistemaren analisi integralago bat egiteko.

2018an eta 2019an historikoak izan ziren greba feministak alde batera utzi dituzue azken bi urteetan. Zergatik? Zer hausnarketa egiten da horren inguruan?

Ez da alde batera utzi direla betirako; bi urte horietan oso indartsuak izan ziren, eta esan dugun bezala, paradigma aldaketa bat ekarri zuten, eta horretarako tresna izan zirela ikusi genuen. 2020an, berriz, martxoaren 8an ez zen greba eguna izan, eta aurrera begira ez da ezer baztertzen. Greba tresna bat da, erabilera jakin bat eman behar zaio, baina agian une honetan ez da ikusten indarrak horretan jarri behar ditugunik.

"Ulertzen dugu ahalduntzea klabe kolektiboetan, eta ez indibidualetan"

Mobilizazio horietan gazteen parte-hartze handia sumatu da. Jarraipena izan du antolakuntzan?

Bi faktore identifikatzen ditugu. Alde batetik, badago hor belaunaldien aldaketa bat, eta hor tokatzen zaigun lana da gure genealogia feminista horiek elkarrizketa bidez kudeatzea. Gazteek dute beste ikuspegi bat eta akaso beste borroka modu batzuk, eta elkarrizketak sortu behar dira horren inguruan. Beste alde batetik, sistema neoliberala geroz eta muturrekoagoa da, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu ahalduntzea ulertzea klabe kolektiboetan, eta ez horrenbeste klabe indibidualetan. Zentzu horretan, berriz ere itzultzen gara aurtengo diskurtsora: era isolatuan ematen diren zenbait eraso, egoera edo min irakurketa kolektibo batetara eramateko beharra dago, eta hori antolakuntzak emango digun zerbait da.

Osasuntsu dago mugimendu feminista Araban?

Gizartea osasuntsu dago? Ba ez, eta gu horren baitan mugitzen gara, eta gure zailtasunak ditugu, baina hala ere gauza asko aurrera ateratzen ari gara, badago jendea gogoz dagoena, eta lehen aldiz hurbiltzen dena ere bai, baina haratago iristea nahi dugu. Herri, auzo edo errealitate bakoitzak bere erradiografiak egiten ditu, eta horietan oinarrituta ere artikulatzen da mugimendu feminista. Batzuetan zaila da definitzea. Agian, oso garbi ikusten dugu ikuspegi nazionala daukana mugimendu feminista bezala, baina herriz herri artikulatzen ari diren borroka feministak ere hor daude, eta borroka transfeministek ere gorakada handia izan dute azken garaian. Bizi gara momentu batean non oztopo asko jarri dizkiguten  borroka politikorako, eta gure une izandako batzuk ere berreskuratzeko saiakera horretan jardun behar dugu: Kaleak gureak dira mugimendu feministaren lelo historikoak, pandemiaren ostean, beste zentzu bat hartu du, eta horretan gaude momentu honetan, sortu den egoera berriari argazki berriak egiten.

"Pandemiarekin azken urteetan salatzen ari ginen zaintzaren krisia lehertu egin da"

Pandemiak eta horren kudeaketak zer eragin izan dute, eta izaten ari da Euskal Herriko, eta bereziki, Arabako emakumeen bizitzetan?

Oso zaila egiten zaigu zerbait zehatza esatea, emakumeei zehazki zer ondorio ekarri dizkion identifikatzea, genero ardatzetik haratago beste faktore batzuk ere eragina izan dutelako: langile kondizioa edo politika arrazistak eta xenofoboak. Mugimendu feminista oso anitza da, errealitate oso ezberdinak daude tokian toki, eta oso zaila egiten zaigu jende guzti horren izenean hitz egitea eta gako batzuk ematea, ikusten dugulako osasun krisi hau anizkoitza dela, abizen ezberdinak dituela. Bestalde, mugimendu feministak osasuna ikuspuntu integral batetik aztertzen du, eta hor, zentzu batean, azken urteetan eta grebetan aldarrikatzen ari ginen zaintza krisi hori pandemiarekin lehertu egin dela esan dezakegu. Orain, mugimendu feminista kokatzen da leherketa horretan, errealitate hori zein den, eta zaintzaren diagnosi eta lanketa horretan dago. Halaber, pandemiak ekarri dituen isolamendu fisiko eta mentalaren aurrean ere antolakuntza feministaren beharra dago.

"Apasosen kasuan, erasoak estaltzeko eta ez salatzeko barne konplizitatea eman da"

Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Egunean indarkeria instituzionala salatu zuen mugimendu feministak. Apasos auzian, indarkeria matxistaren konplize izatea ere leporatu diozue udalari. Zein izan behar da instituzioen jarrera horrelako kasuetan?

Apasosekoen kasua izan da indarkeria instituzional horren beste adibide bat, eta instituzioek egiten duten garbiketa morearen barruan ulertzen dugu. Batez ere, diskurtso feministak asimilatu nahi dituzte, leloak eraiki, eta gero ez ditugu ikusten benetako aldaketak. Ez dira baliabideak eskaintzen praktika feministak sustatzeko. Gainera, Apasosen kasuan, erasoekin barne konplizitate bat egon da, erasoak estaltzeko eta salatuak ez izateko. Ikusten dugu instituzioek beren mozorro feminista jartzen dutela, baina mugimendu feminista kriminalizatzen jarraitzen dute: kaleak ezin ditugu hartu, Talka bezalako gure espazioak desalojatzen jarraitzen dute, eta azkenean, kriminalizazio horrek jarraitzen du.

Instituzioen aldetik zer espero du mugimendu feministak?

Gu ez gara asko sartzen erakundeek zer egin behar duten esaten, ez dugu instituzioekin batera lan egiten. Mugimendu feminista era autonomoan antolatzen da, sarean, eta ez dugu kokatzen instituzioekin. Antolakuntzan, gure artean espazioak sortzean, saretzean indarrak jartzen ditugu, eta askotan instituzioek ez dute laguntzen horretan, oztopoak jartzen dituzte. Alde batetik, mozorroa janzten dute, eta beste alde batetik jardun politikoari oztopoak jartzen dizkiote. Eskatu, ez diegu ezer eskatzen, baliabideak jartzea akaso, eta gutxienez arazoak daudenean ez estaltzea.

Feminismoaren diskurtsoaren erabilera egiten ari dela uste duzue?

Feminismoaren diskurtsoaren merkantilizazio eta instituzionalizazio prozesuen aurrean, egun, mugimendu feministaren erronken artean dago horiek etetea edo salatzea. Berdin neofaxismoaren eta sortzen ari diren bestelako adierazpen esentzialista batzuen aurrean jardutea; abortuaren inguruan sortzen ari diren mugimenduak edo feminismo transbaztertzailea hor kokatuko genituzke, edo prostituzioaren abolizioaren inguruan sortzen ari diren zenbait diskurtso eta jarrera. Halaber, ikusten dugu nola feminismoaren izenean, praktika xenofoboak edo arrazistak ere sustatzen diren, eta horren adibide dira Gasteizen, aurten, eman diren bestelako eraso batzuk.

Zeintzuk?

Emakume batek salatu zuen eraso bat bi gazte migranteen kontra, eta azkenean, horrelakoetan ikusten da nola baliatzen dituzten genero ikuspuntua izan dezaketen diskurtsoak bestelako zapalkuntza arazoak kontuan ez edukita.

"Bizi gara momentu batean non oztopo asko jarri dizkiguten borroka politikorako"

Gasteizen gertatu diren erasoei eman zaien erantzuna tamainakoa izan da?

Ezin dira eraso horiek modu isolatuan ulertu, sistema baten adierazle dira: Apasos, Arantzabelako pintaketa eta markesinen iragarkia. Sarritan, abstraktuak bezala irudikatzen ditugu patriarkatua eta sistema gure bizitzan eta errealitatean islatzen diren arte. Manifestazio horiek ikuspegi estrukturalago batean kokatu behar ditugu, eta ardura hartu eta ulertu eskola batean LGTBI komunitatearen kontrako pintaketak egiten direnean ez dela soilik komunitate horren kontrako eraso bat, baizik eta sistema heterosexualaren betikotze bat, eta horren aurrean ardura kolektiboa da.

Eta Martxoaren 8tik aurrera, zer?

Erronka beti da antolakuntzarena, eta horri ematen diogu garrantzia. Zaintzaren inguruko gatazkan ere zentratzen ari gara. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago