Iritsi da eguna: astearte honetako lehen ordutik, puntako teknologia duten sei autobus %100 elektriko Gasteizko garraio sarean funtzionatzen hasi dira, Tuvisako linea periferikoan.
Azken asteetako proba-fasearen ostean, bidaiariek lehen aldiz ordaindu egin behar izan dute gaur. Hemendik aurrera, autobusean sartu aurretik baliozkotu egin beharko dute BAT, Mugi edo Barik txartela markesinetan dauden makinetan, edo txartela erosi, horretarako gaitutako makinetan. Mendizorrotzeko zein Bulebarreko geltokietan BAT txartela erosteko aukera izango da.
Bihar, asteazkenean, zazpi autobus izango dira martxan, eta ostegunean zortzigarrena martxan jartzea aurreikusita dago. Lehen fase honetan, ohiko autobusak ibiliko dira BEI ibilgailuekin batera, baina falta diren gainerako ibilgailuak pixkanaka gehituko dira, hamahiru unitateko flota osatu arte; orduan, sistema erabat ezarritzat emango du Gasteizko Udalak.
Lehen asteetan, zortzi minutuko maiztasuna izango du BEIren lineak, eta zazpi minutukoa izan arte murriztuz joango da. Tuvisak 45 langile izango ditu BEI zerbitzuko autobusak gidatzeko, eta horretarako prestakuntza berezia jaso dute.
"BEIa martxan dago. Egun handia da gaurkoa Gasteiz eta Tuvisarentzat. Garraiobide hau iraunkorra, irisgarria, berritzailea eta segurua da, eta ia arazorik gabe jarri dugu martxan, oso sentsazio onekin", ospatu du Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasuneko eta Espazio Publikoko zinegotzi eta Tuvisako presidenteak.
Udalak 9 milioi euroko inbertsioa egin du, Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundiaren finantzaketarekin, puntako teknologia duten hamahiru ibilgailu elektriko berriek Gasteizko hamalau auzo elkar ditzaten. Zerbitzua Tuvisaren 2. linean eskainiko dute, eta tarte osoan 3 milioi erabiltzaileri zerbitzua eskaintzeko ahalmena izango dute.