Orain arte gehienbat gizonen presentzia sinbolikorako erreserbatutako Gasteizko kale-izendegian leku gehiago izango dute emakume artistek, langileek, mezenasek, hiriaren historiako une jakinetan aitzindari izandakoek. Hala jakinarazi dute gaur Gorka Urtaran alkateak, Miren Fernandez de Landa Berdintasun zinegotziak eta Isabel Mellen eta Virginia Lopez de Maturana historialariek.
Izan ere, hiriko zenbait espazio, plaza eta kaleri izena emango dieten lehenengo emakumeak izango dira Maria Sarmiento, Juncal Ballestin, Maria Pilar Acedo Sarria (Montehermosoko markesa), Fournierreko kartagileak, Blanca de Silos, Maria Concepcion Lopez de Arroiabe, Basilia Tarrios, Teresa Sanchez de Bilbao eta Daria Imbert, etorkizunean izen gehiago gehitzeko asmoarekin.