Ignacio Aldekoa Kultura Etxeak berdintasunaren inguruko sei jarduera antolatu ditu martxorako, hilabete horretan ospatzen baita Emakumearen Nazioarteko Eguna, martxoaren 8an. Genero berdintasuna gaur etorkizun iraunkor baterako izenburupean, "emakumeari hainbat ikuspuntutatik" heldu nahi izan diote: "Literatura, komikia, poesia eta ardoa, kulturan egiten dugun ekarpena askoz ere hobeto ikusarazteko", azpimarratu du Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak.
Martxoaren 3an, Laura Freixasek irekiko du zikloa, emakumeak literaturaren bidez ulertzeko konferentziarekin. Hurrengo hitzordua martxoaren 9an izango da, Azucena Mongek eskainiko duen hitzaldiarekin: Aitzindariak istorioan (1930-1950). Bi egun geroago, martxoaren 11n, Bi emakumezko olerkariri kantua: Carmen Conde, Angela Figuera Aymerich liburu-diskoaren aurkezpena egingo dute Lorena Paz Nietok eta Alberto Nietok.
Bestalde, Jesus Fernandez Ibañezek emakumeak ardoaren kulturan izandako papera izango du hizpide, martxoaren 16an. Eta, azkenik, martxoaren 23an, Emakumezko marrazkilariak istorioan (1960-1970) hitzaldia eskainiko du Azucena Mongek.
Jarduera guztiak 19:00etan izango dira, eta sarrera librea izango da edukiera bete arte. Gainera, martxoaren 7an Emakumea ardoaren kulturan erakusketa inauguratuko da. Programazioaren inguruko xehetasun guztiak Ignacio Aldekoa Kultura Etxearen webgunean topatu daiteke.