Baskonia eta Unicsen arteko partida atzeratu dute Ukrainako gerraren ondorioz

Erredakzioa 2022ko ots. 24a, 18:44
Argazkia: SASKI BASKONIA

Errusia eta Ukrainaren arteko gerra dela eta, Euroligak erabaki du Baskoniak eta Unics Kazanek gaur jokatu behar zuten partida bertan behera uztea. Gasteizko ukrainar komunitateak elkarretaratzea deitu du 19:30ean Andre Maria Zuriaren plazan.

Gaur, osteguna, 20:30ean Buesa Arenan jokatzekoa zen Bitci Baskonia eta Unics Kazan talde errusiarraren arteko Euroligako partida, baina bertan behera geratu da Euroligako araudiaren 151. artikulua dela eta, Errusia eta Ukrainaren arteko gerraren ondorioz. Euroligak "prebentzio neurri" gisa hartu du erabakia.

Izan ere, bart goizaldean Errusiak erasoaldi militarra abiarazi du Ukrainaren aurka, azken hamarkadan zehar areagotzen joan den krisialdi politiko, geopolitiko eta militarraren testuinguruan. 2014an, Ukrainako gobernua ordeztu zuen Euromaidan izeneko estatu kolpearen ostean, Donbasseko Gerra piztu zen, Donetsk eta Luhanskeko Herri Errepubliketako indar independentisten eta Ukrainako gobernuaren zein indar ultraeskuindarren artean. Zortzi urteko gatazkaren ostean, Errusiaren esku-hartzeak  —"operazio militar berezia" izendatu du Vladimir Putin presidenteak— gerra hotsak berpiztu ditu Europako ekialdean.

Bihar, ostiralean, Euroligako kluben arteko bilera egingo dute, eta bertan aztertuko da Ukrainako egoera, eta baita txapelketan izan ditzakeen ondorioak ere. Antolakuntzak talde errusiarrak inplikatuta dauden beste bi partida atzeratu ditu: Bayern-CSKA eta Zenit-Bartzelona ere ez dira jokatuko; gainerako partidak normaltasunez jokatuko dira.

Elkarretaratzea Gasteizen

Gaur egun, 500 ukrainar baino gehiago bizi dira Gasteizen, eta ziurgabetasun handiz bizi dute bart gauean hasitako gerra. Testuinguru horretan, Arabako hiriburuko ukrainar komunitateak elkarretaratzea deitu du 19:30ean Andre Maria Zuriaren plazan, Gerrari ez! lelopean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide