Gasteizek 11,5 milioi euro jasoko ditu Europako funtsetatik, mugikortasun jasangarria sustatzeko

Erredakzioa 2022ko ots. 24a, 06:00

Raimundo Ruiz de Escudero zinegotzia eta Gorka Urtaran alkatea. / GASTEIZKO UDALA

Gasteizko Green Mobility Next planeko proiektu guztiek Europako Next Generation funtsen 11,5 milioi euroen finantzazioa izango dute. Beste 25 milioi euro Hiri konektatuak egitasmora joango dira.

Asteazken honetan, Gasteizek Next Generation EU Europako funtsetatik mugikortasun iraunkorreko proiektuetara bideratzeko gutxienez 11,5 milioi euro jasoko dituela jakinarazi du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. "Ekarpen ekonomiko hori hirian bultzatzen ditugun mugikortasun politiken errekonozimendua da, eta lagungarria izango zaigu agintaldi honetan jorratzen ari garen superhiri europarraren ereduan aurrera egiteko", azaldu du alkateak.

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak hiri mugikortasuna deskarbonizatzeko eta digitalizatzeko udalerrientzako laguntzen behin-behineko ebazpenaren barruan, Gasteizko ekimen hauek hautatu dira:

  • Mugikortasun Elektrikoko Zentroa handitzea: 3.483.000 euro. Kasu honetan, Tuvisaren kotxetegien jarraipena (bigarren hedapena) egin ahal izateko laguntza eskatu da. Lehen faseko obrak dagoeneko abian daude, baina fase gehiagori ekiteak flotara autobus elektrikoak gehitzea eta Tuvisaren elektrifikazioarekin aurrera jarraitzea ere ahalbidetuko luke. Bigarren fase honekin, 50 ibilgailu elektrikotarako espazioa egongo da.
  • Bizikleta-sarea handitzea: 1.858.500 euro. Hiriraren bidegorri-sarea beste 9 kilometrotan handitzea planteatu da; gaur egun, Gasteizek bidegorrien 170 kilometro ditu.
  • Erdialdeko superetxadian, hegoaldeko esparruaren irisgarritasuna hobetzea eta oinezko bihurtzea: 1.838.296,80 euro. Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua berritzeko lanen 2. eta 3. faseak gauzatzeko laguntza eskatu da; besteak beste, Memoriaren plaza sortu eta aurreikusitako jarraipena egikaritzeko.
  • Aldabe inguruan irisgarritasuna hobetzea eta oinezko bihurtzea: 1.350.000 euro. Koroatzeko SmartEnCity proiektuan jasotako espazio publikoaren esku-hartzea.
  • TAO hedatzea eta hobetzea: 909.341,10 euro. Udalak bi eskaera planteatu ditu: alde batetik, Judimendiko eta Hegoaldeko eremuko bizilagunekin adostutako eta iragarritako handitzeari ekitea; bestetik, kudeaketa sistema berri eta modernoago bat ezartzea.
  • Isurpen urriko eremu bat sortzea: 803.700 euro. Ikerlan bat hasi da egiten, Gasteizen isurpen urriko eremuak nola jorratu aztertzeko, bai eta horien arteko lehena nola ezarri ere. Gasteizko Udalak lehen eremu hori Erdi Aroko hirigunearen eta Zabalgunearen inguruan kokatzea proposatu du.
  • Bizikletetarako aparkaleku seguruen sarea hedatzea: 376.323,30 euro. VGBiziz sarearen estrategia sustatu eta kontsolidatu nahi da eta, hartara, bizikletetarako aparkaleku gehiago sortzea.
  • Azken miliako banaketa jasangarrirako gune mikrologistikoa sortzea: 299.744,10 euro. Herrandarren kaleko geltoki ohia azken miliako banaketa-zentro bihurtzea planteatu da. Esku-hartzea Herrandarren kalearen erreformaren eta naturalizazioaren barruan kokatzen da.
  • Iturritxun disuasio-aparkalekua sortzea: 256.113 euro. Hasiak dira, dagoeneko, 100 plazatik gora izango dituen azpiegitura egiteko lanak.
  • Zabalganeko superetxadia sortzea: 254.113 euro. Ilustrazioaren hiribidea dagoeneko obretan dago, eta Europako funtsek ezarritako estandar eta eskakizunak betetzen ditu.

Hiri konektatuak

Mugikortasun arloko proiektu horiei guztiei Gasteiz, Valentzia, Logroño, Fuenlabrada, Gijón eta Valladolideko udalek elkarrekin aurkeztu duten ekimen bateratu bat gehitu behar zaie, herritarrentzako mugikortasun digitaleko plataforma bat garatzekoa: Hiri konektatuak. Proiektu hori Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren Next Generation funtsen deialdira aurkeztu izan da, baterako ekintzak aurkezten dituzten hiriei zuzendutako laguntza-ildo batean.

Plataforma digitalaren helburua mugikortasun-datuak lortu eta interpretatzea izango litzateke, eta horiei esker, etorkizuneko eredu jasangarriagoetara igarotzea. Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak ere hautatu du proiektu hori, eta 25 milioi euroko laguntza izango du. Nolanahi ere, proiektuaren kostuak 27 milioi euroko balioa gaindituko luke guztira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago