Gasteizko inauteriak hemen dira, asteburua kolorez eta jai giroz betetzeko prest

Erredakzioa 2022ko ots. 23a, 09:30

Gasteizko inauterietako konpartsen aurkezpena, atzo Goiuri jauregian. / GASTEIZKO UDALA

Aurtengo Gasteizko inauterietako 23 konpartsak eta otsailaren 24tik martxoaren 1era arteko programa ofiziala aurkeztu dituzte; guztira 4.734 lagun izango dira desfileetan. Hala ere, ostalaritzako ordutegiak ez dira luzatuko.

Iazko etenaldi pandemikoaren ostean eta ibilbide berriarekin, inauteriak Gasteizera itzuliko dira datozen egunetan. Desfileek ibilbide berria izango dute, hiriko erdialdea saihesteko: Jose Mardones kalean hasiko dira, Done Jakue hiribidearen ertzetik, eta Logroño kalerantz abiatuko. Handik Herrandarren kalera joango dira konpartsak, eta jarraian Errege-Erregina Katolikoen kalea, Simon Anda kalea eta Basoa kalea zeharkatuko dituzte, Konstituzio plazan amaitzeko.

Otsailaren 26an arratsaldez (18:00etan) eta 27an goizez (12:00etan) egingo dira desfileak. Aurten 23 konpartsak hartuko dute parte, eta, guztira, mozorrotutako 4.734 lagun inguruk dantzatuko dute hiriburuko kaleetan zehar:

  • Urkide Ikastetxeko Gurasoen Elkartea — Circuskide
  • Sagrado Corazón - Corazonistas Ikastetxeko Gurasoen Elkartea — Elfos de Coras
  • Guillermo Chaminade - Marianistas Ikastetxeko Gurasoen Elkartea — La Gran Familia de Wally
  • Sagrado Corazón - Carmelitas Ikastetxeko Guraso Elkartea — St. Patrick's day
  • Ariznabarra Auzoko Jai Batzordearen Elkartea — Arizcantina
  • Arabako Galiziako Zentroa — La gran mask-arada de Gasteiz
  • Zabalganako Konpartsa Kultur Elkartea — Zabalmar sigue navegando
  • Virgen de Guadalupe Extremadurako Etxea — Alicia en el país de las maravillas
  • Sansomendi - Ali Lagun Taldea — Piensa en verde
  • Baila y Disfruta Kultur Elkartearen Konpartsa — Los locos años 20
  • Carpe Diem Antzerki eta Kultur Elkartea — Hippie-Happy
  • San Viator Kultur Elkartea — N.S.C.C. Kofradia SANVIspas… y de + familia
  • San Jose de Calasanz - Escolapios Ikastetxeko Gurasoen Elkartea — ECO-lapios
  • Ana María Rivier Gurasoen Elkartea — La perla de Presen
  • Iritsi Gara Elkarte Sozio - Kulturala — Taxis New York
  • Manuel Zaldibar Nieves Cano - Egibide Ikastetxeko Gurasoen Elkartea — Egibide in Rouge
  • Errekatxiki - Santa Luzia Auzo Elkartea — The brave of Santa Lucía
  • Abetxukuko Inauterietako Konpartsa — Los Olimpos de Abetxuko
  • Vera Cruz Ikastetxeko Gurasoen Elkartea — Los Mosqueteros de Vera-Cruz
  • Aranako Auzo Elkartea — Brave: la princesa indomable
  • Niño Jesús Ikastetxeko Inauterietako Elkartea — Los/as guerreros/as del Arcoiris. Arcoiroes
  • Euskobarça Gasteizko Barçazaleak — Victoria-Gasteiz, vuelta al medievo
  • Séneca Andaluziako Kultur Zentroa — Olé y olé volvemos al Carnaval

Programazioa

Horrez gain, otsailaren 24tik martxoaren 1era bitartean, askotariko hitzorduak izango dira. Jai ekitaldiak bihar hasiko dira, Ostegun Gizenaren ospakizunarekin: 17:30ean abesbatzen ibilbidea hasiko da hiriko kaleetan zehar, eta Udalaren Floklore Akademiako abesbatzak, dantzariek eta musikariek, Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioak, Olabide abesbatzak eta Arabatxo Haurren abesbatzen Arabako Federazioak hartuko dute parte.

Otsailaren 25ean, ostiralean, Luis Aranburu Udal Musika Eskolako inauterietako entzunaldia izango da, 19:15etik aurrera. Bestalde, 20:00etan, Indarra dantza taldearen Kimuak, inausi eta berriak hasi ikuskizuna izango da Florida parkeko kioskoan. Egun berean, 22:00etan eta 00:00etan, Kumbalayé musika elkartearen batukada taldeak Zabalguneko kaleak girotuko ditu kalejira batekin; Andre Maria Zuriaren plazatik abiatu eta hiriaren erdialdeko oinezkoen alderdian ibiliko da.

Inauteriei amaiera emateko, martxoaren 1ean, asteartean, Sardinaren Erreketa egingo da, 20:00etan, Espainia plazan, konpartsa guztiak bertan direla. Otsailaren 21etik aurrera, turismo-bulegoan ikusgai izango da sardina, sutan erre aurretik miresteko.

Gainera, otsailaren 14tik 28ra bitartean, Gasteizko Inauterietako kartelen lehiaketara aurkeztu diren lanak ikusgai izango dira, Hegoalde eta Ibaiondo gizarte etxeetan.

Ostalaritzako ordutegiak

Pandemiaren aurreko urteetan data berezietan ez bezala —gehienez ere bi ordu—, tabernek ezin izango dute beranduago itxi inauteriengatik. Izan ere, Udala Gasteiz On elkartearekin harremanetan jarri da, jakinarazteko asteburu honetan ordutegiak ez direla luzatuko. Hortaz, ordutegia larunbateroko berdina izango da: ohiko tabernak 02:30ak arte, pub establezimenduak 04:00ak arte, eta diskotekak 06:00ak arte.

"Hala ere, jendea irtetera animatzen dugu, giro ona eta salmenta onak izatea espero dugu", dio ostalarien artean zabaldu den mezu batek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago