Irakasle Eskolako gela bat okupatu dute Gasteizen

Erredakzioa 2022ko otsailaren 22a

Bideo eta agiri baten bitartez eman dute okupazioaren berri. IA

Duela bi aste gela bat itxi dietela salatu dute hiru ikasle erakundek, eta ekintza horrekin "antolakuntza politikorako" behar duten espazioa berreskuratu dutela aldarrikatu dute.

Gasteizko Irakasle Eskola fakultateko gela bat okupatu dute gaur goizean Ikasle Abertzaleak-ek, Unibertsitateko Indar Batasunak eta Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak, "antolakuntza politikorako behar-beharrezkoa zaien espazioa" lortzeko.

Agiri batean azaldu dutenez, duela bi aste campusean zuten ikasle gela bakarra itxi zieten, hiru eragile hauen "jardun politikoa galaraziz".

Unibertsitatearen barruan gertatzen ari den "elitizazio prozesu" baten barruan kokatu dute gela hori itxi izana, eta erantsi dute EHUk hainbat "mekanismo klasista baliatzen" dituela. Besteak beste, pribatizazioaren zein enpresa pribatuen esku hartzearen gorakada, hezkuntza kalitatearen jaitsiera eta errepresio politikoa aipatu dituzte.

Campusaren barruan ikasle langileek errepresioa "modu nabarmenean jasan behar izaten" dutela diote; "zenbait fakultatetan jarri dituzten segurtasun kamerak, poliziaren jazarpena edota askatasun politikoen urraketa sistematikoa" horren adierazle dira, agiriaren arabera.

"Doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntza ereduaren alde" borrokan jarraituko dutela aurreratu dute. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago