Hiri Agenda ezartzeko plana abiatu du Gasteizek

Juanma Gallego 2022ko ots. 22a, 19:19
Parte hartze prozesua abiatuko du Gasteizek Hiri Agenda zehazteko. ALEA

Udalak 168.000 euro bideratuko ditu horretarako, Europako funtsei esker. "Ondorio partzialak" saihesteko, udalak dio antolatuta ez dauden herritarren parte hartzea lortzeko "ahalegin berezia" egin behar dela. 

Udalerriaren "garapena bideratzeko" eta datozen urteetan "eraldaketarako akuilu" izan daitezkeen proiektuak erabakitzeko Hiri Agendarako ekintza plana landuko du Gasteizek. Udalak plan hori aurrera eramateko lizitazioa abiatu du asteon, horretan lagunduko dion enpresa baten laguntza teknikoa kontratatzeko. 168.190 euro bideratuko ditu horretarako. Guztira, hiriak 250.000 euro gastatu ahalko ditu prozesuan, iazko azaroan alorreko Espainiako ministerioak diru laguntza hori onartu ziolako Gastezi, Europako Batasunak Espainiari finantziatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan.

Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuen barruan kokatzen den proiektua da. Zehazki, 11. helburuak zehazten du hiriak eta giza kokalekuak "inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta iraunkorrak" izan behar direla. Hori erdiesteko prozesuan, bitartekari eta maila asko daude. Izan ere, Nazio Batuek beraiek badute eurena, Europako Hiri Agenda dago beherago, eta Espainiakoa dator ondoren. Katean beherago, Jaurlaritzarena dago –Euskal Hiri Agenda-Bultzatu izenekoa–, eta ondoren datoz hirietakoak.

Gasteizen kasuan, udala bera lantzen ari da hasierako azterketa "estrategiko" bat, eta kontratatutako enpresa azterketa horretan abiatu beharko da plan osoa garatzeko. Gehienez bost hilabetez luzatuko den prozesu batean, herritarren eritzia ere aintzat hartuko dute, parte hartze prozesu baten bitartez. Udalak erantsi du "lurralde inteligentzia" ere kontuan hartu beharko duela enpresa lizitatzaileak.

Parte hartze prozesuari dagokionez, aurreratu dute aintzat hartuko dituztela "antolatuta dauden herritarrak" zein "antolatuta ez dauden herritarrak". Udalak zehaztakoaren arabera, parte hartzaileen kopurua baino, are garrantzitsuagoa da gai desberdinen inguruko "ikuspuntuen kopurua", horien artean "kontraste bat" lortzeko eta "ondorio partzialak" sahiesteko. Norabide horretan, ohartarazi dute "ahalegin berezia" egin behar dela "antolatuta ez dauden herritarrengana" iristeko. Aurreratu dute ausazko laginketa bat egingo dutela, alderdi politikoei eta elkarteei lotuta ez dauden pertsonen ekarpenak jasotzeko.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide