Gertu da martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Gasteizko Udalak gaur iragarri du egun horretara begira, Emakumeen Etxean Martxoak 8 beti lelopean, antolatutako programa: martxoan, hilabete osoan zehar, askotariko jarduerak —lantegiak, hitzaldiak, zine-foruma, emanaldiak eta bakarrizketak— izango dira Gasteizko Emakumeen Etxean.
Martxoaren 8a ospatzeaz gain, Udalak emakumeen etxeen garrantzia ikusarazi nahi du, "berdintasuna eraikitzeko gune" direla eta "horietan beti martxoaren 8a" dela aldarrikatuz. Izan ere, berdintasun politikekin konpromisoa betetzeko, Gasteizko Emakumeen Etxea "estrategikoa" dela azpimarratu dute Berdintasun zinegotzi Miren Fernandez de Landak eta Berdintasun Zerbitzuko buru Mireia Espiauk: "Ahalduntze feminista indibidual eta kolektiboa bultzatu nahi da bertan, eta, horrekin batera, genero berdintasuneranzko bidean aurrera egin proiektu eta ekimen feministen bitartez".
Horrez gain, "borroka feministak eskertzea eta aitortzea ezinbestekoa" dela azpimarratu dute Fernandez de Landak eta Espiauk, "horiei esker existitzen baitira emakumeen etxeak, eta, azken batean, horiek egiten baitute posible ahalduntze feministaren aurrerapena".
Jarduerak
Beste urte batzuetan bezala, Udalak hainbat ekintza eta proposamen antolatuko ditu martxoaren 8aren bueltan: besteak beste, udal talde politikoek erakunde-adierazpena egingo dute, eta udaletxeko zein hiriko beste eraikin batzuetako fatxadetan argiak piztuko dira.
Emakumeen Etxean antolatutako programa bereziari dagokionez, hainbat lantegi, hitzaldi eta ikastaro izango dira:
- Martxoak 1: Estatu arrazakeriaren geografiak hitzaldia. Ainhoa Nadia Douhaibi Arrazola erakundeen eta estatuaren arrazakeria-gailuen ikerlariaren eskutik.
- Martxoak 4 eta 5: Bizitza eredu berriak eta komunitate zahartzea lantegia. Irati Mogollon soziologoa, cohousing feministan eta zahartze aktibistan aditua.
- Martxoak 6, 13 eta 20: Nahi duguna izango gara antzerki ikastaroa, 9 eta 12 urte bitarteko neskei zuzenduta. Ane Gebara eta Josune Velez de Mendizabal aktoreen eskutik.
- Martxoak 10: Los lobos filmaren inguruko zine-foruma.
- Martxoak 11: Begira zer iritsi zaidan lantegia, sare sozialen eta indarkeria matxistaren inguruan.
- Martxoak 12, 19 eta 26: Euskal dantzatik feminismora ikastaroa, Indarra Euskal Kultur Elkarteko kide Karla Agirre Aranburu eta Amaia Marin Zabalaren eskutik.
- Martxoak 14, 16, 21 eta 23: Autodefentsa feministarako hastapen lantegia, Emagin elkartearen eskutik.
- Martxoak 15: Feminismoak Erdialdeko Amerikan: gorputz-lurralde eskubidearen inguruko eztabaidak aniztasunetatik abiatuta konferentzia, Morena Herrera ekintzaile feminista eta giza eskubideen defendatzailearekin.
- Martxoak 18: Feminismoa gaur, balantze eta perspektibetarako ekarpenak lantegia, Tere Maldonado Feministaldeko kide eta Filosofia irakaslearen eskutik.
- Martxoak 19: [U] More txarrak bakarrizketa, Belen Nevado, Getari Etegarai, Irantzu Varela, Beatriz Egizabal, Elsa Ruiz eta Aitziber Garmendia komikoen eskutik.