Joan den azaroan langile bat kaleratu zuen Novadeco enpresak, eta, LAB sindikatuaren arabera, bi arrazoi izan dira enpresaren erabakiaren atzean. Batetik, langile hau hauteskunde sindikaletan LABen zerrendan joan zela; eta bestetik, aurreko udaberrian sexu-genero trantsizioa abiatu zuela.
Sindikatuak azaldutakoaren arabera, abenduaren 22an egindako adiskidetzean enpresak onartu zuen kaleratzea bidegabea izan zela, baina ez zituen ontzat eman sindikatuak azaldutako arrazoiak. Honen aurrean, LABek epaitegietara eraman du gaia, ulertzen duelako langilearen oinarrizko eskubideak urratu dituela enpresak eta kaleratzea baliogabea izan dela aitor dadin.
Gaur egin da epaiketa, eta LABek kontzentrazioa egin du Gasteizko epaitegien aurrean, kaleratutako langileari babesa erakutsi eta transfobiarik onartuko ez duela adierazi du, "ez Novadecon ez beste inongo lantokitan". Eli Etxeberria LABeko idazkari feministak, mobilizazioan egindako adierazpenetan, identitate sexu-generikoa zein orientazio sexuala edota genero adierazpenagatik diskriminazioak ekiditeko protokolen beharra adierazi du: "Enpresek lan esparru osasuntsuak eta seguruak bermatu behar dituzte, eta horrek lan zentroek transfobiarik gabeko espazioak izan beharko lukeela esan nahi du, eta enpresetan trantsizioa egiten dutenen langileei babesa ematea eta eskubide guztiak bermatzea”, gaineratu du Etxeberriak.
Era berean, adierazi du LABek "ez duela onartuko lantokietan langileen oinarrizko eskubideen urraketa, genero autodeteminazioa ukatuz".
Azkenik, halako egoera batean dauden LGTBI+ kolektiboko langileak animatu ditu LABeko idazkari feministak aurrera egin dezaten, "bide horretan LABkideok ondoan izango gaituzte eta".