Iristear da Gasteizko Euskaraldiaren lehen hitzordua

Erredakzioa 2022ko otsailaren 18a

Duela bi urteko Euskaraldiaren argazkia, Gasteizen. ALEA

Astelehenean ekimenaren argazki ofiziala egingo dute Foruen plazan, ariketa sozialaren atzean dagoen aniztasunaren ispilu.

Urte garrantzitsu baten lehen hitzordua finkatu dute dagoeneko Gasteizko euskaltzaleek: hilaren 21a, astelehena, 10:00etan Foruen plazan. Izan ere, gaur ezagutzera eman dutenez, ordu horretan egingo dute Gasteizko Euskaraldiaren argazki ofiziala.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, mota askotako aurpegiek osatuko dute argazki hori, Euskaraldia "aniztasunaren irudia" delako. Horregatik zinegotziak, erakunde publikoak, entitate pribatuak eta norbanakoak joango dira euskararen alde aurpegia ematera.

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da aurtengo Euskaraldia, Hitzez ekiteko garaia leloaren pean. "Pandemiak hustu dituen kaleak eta gogoak bete eta euskaraz hitz egitea inoiz baino errazago izaten ahaleginduko gara ekimen honen bitartez", nabarmendu dute antolatzaileek.

Gogora ekarri nahi izan dute aurten ere izango diren rolak: ahobizi eta belarriprest. Horiek, norbanakoei dagokienez. Erakundeei begira, berriz, ariguneena izango da tresna nagusia, euskaraz uneoro jardun ahal izatea bermatuko duten espazio bezala. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago