N-622 errepidean uholdeak saihesteko neurriak hartuko dituzte

Erredakzioa 2022ko otsailaren 17a

Erakundeetako ordezkariak N622ko zubian. V-G

Gasteizko Udalak, Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, URAk eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak lankidetzan aritzeko borondatea adierazi dute, Zadorraren uholdeen aurkako defentsaren 3. faseari ekiteko.

Abenduan gertatutakoa ez errepikatzeko neurriak aztertzeko konpromisoa hartu dute erakundeek, eta Bilboko autobiatik hirirako irteeran eta kontrako noranzkoan ur-putzurik sor ez dadin neurriak hartuko dituzte. Arazoa batez ere errepidean dago: zubia oso estua da eta Zadorrako ur-goraldi handietan presa gisa jarduten du.

Sarritan gertatzen den arazoa ez bada ere, erakundeak bat etorri dira obrei ekiteko beharrean, eta horretarako borondatea adierazi dute. Orobat obra horiek egiteko Europako funtsak eskatzeko aukerak aztertu dituzte, Udalak landua baitu proiektu bat.

Zatirik garestiena ibaiaren emari handiagoa hartuko duen zubi berri bat eraikitzea edo dagoena eraberritzea da. Proposamenen artean, egungo zubia handitzea eta ibaiaren ibilgu naturala berreskuratzea dago, Ihurreko meandroa N-622 errepidearen eraikuntzarekin ezabatu baitzen. Hori dela eta, errepidearen beraren gainean ere jardun beharko litzateke, uraren mailak errepidea urez bete ez dezan.

Gorka Urtaran alkateak sustatutako bileran, honako hauek parte hartu dute: Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren aldetik, presidente Dolores Pascual, Uren komisario Carlos Arraazola, eta Jabari Publikoaren Kontrol Arloko buru Miriam Pardos. Euskal erakundeak ordezkatuz, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia eta URA Agentziako zuzendari nagusi Antonio Aiz izan dira. Aldundiaren aldetik, Ingurumen eta Hirigintza diputatu Josean Galera eta Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren diputatu Blanca de la Peña izan dira. Azkenik, Gasteizko Udalaren ordezkari izan dira alkatea, Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregi eta Gasteizko Udal Urak-AMVISAko lehendakari Marian Gutierrez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago