Ibilbide berria izango du Gasteizko inauterietako desfileak, erdialdea saihesteko

Erredakzioa 2022ko otsailaren 16a

Inauterietako desfileen iraganeko edizio bat. / Argazkia: Corazonistas ikastetxea

Iazko etenaldi pandemikoaren ostean eta ibilbide berriarekin, inauteriak Gasteizera itzuliko dira otsailaren 26an eta 27an. Desfileak Jose Mardones kaletik abiatu eta Konstituzio plazan amaituko dira, hiriko erdialdea saihestuz.

Inauterietako azken desfilea 2020ko otsailean ikusi zuten gasteiztarrek, pandemiaren ondorioz. Aurten, bi urte geroago, normaltasuna berreskuratuko du ospakizunak, segurtasuna lehenetsiko den arren. Desfileak otsailaren 26an arratsaldez (18:00etan) eta 27an goizez (12:00etan) egingo dira, eta ibilbidea aldatzea erabaki du Gasteizko Udalak; horren berri eman die konpartsei astearte honetako arratsaldean Montehermoso jauregian egindako bileran.

Ibilbidea Jose Mardones kalean hasiko da, Done Jakue hiribidearen ertzetik, eta Logroño kalerantz abiatuko da. Handik Herrandarren kalera joango dira konpartsak, eta jarraian Errege-Erregina Katolikoen kalea, Simon Anda kalea eta Basoa kalea zeharkatuko dituzte, Konstituzio plazan amaitzeko.

Aurtengo desfileetan 23 konpartsak hartuko dute parte. Guztira, 4.734 lagun inguru mozorrotu eta dantzatuko dute hiriburuko kaleetan zehar.

Aldaketa horrekin, Udalak hiriko erdialdea saihestu nahi du, desfileak pilaketak izaten diren guneetatik ateratzeko. "Jendeari erosoago egoteko aukera eman nahi diogu, beti ere segurtasun handiena xede. Jende pilaketak saihestera gonbidatzen ditugu herritarrak, eta une oro maskara jantzita eramateko eskatzen dugu", adierazi du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Inauterietako jarduerak

Desfileez gain, otsailaren 22tik martxoaren 1era izango dira inauterietako jarduerak. Hilaren 22an konpartsa guztiak aurkezteko ekitaldia egingo da, 18:00etan Goiuri jauregian, eta desfileetako mozorroak erakutsiko dituzte bertan.

Ondoren, jai ekitaldiak otsailaren 24an hasiko dira, Ostegun Gizenaren ospakizunarekin: 17:30ean abesbatzen ibilbidea hasiko da hiriko kaleetan zehar, eta Udalaren Floklore Akademiako abesbatzak, dantzariek eta musikariek, Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioak, Olabide abesbatzak eta Arabatxo Haurren abesbatzen Arabako Federazioak hartuko dute parte.

Otsailaren 25ean, ostiralean, Luis Aranburu Udal Musika Eskolako inauterietako entzunaldia izango da, 19:15etik aurrera. Bestalde, 20:00etan, Indarra dantza taldearen Kimuak, inausi eta berriak hasi ikuskizuna izango da Florida parkeko kioskoan. Egun berean, 22:00etan eta 00:00etan, Kumbalayé musika elkartearen batukada taldeak Zabalguneko kaleak girotuko ditu kalejira batekin; Andre Maria Zuriaren plazatik abiatu eta hiriaren erdialdeko oinezkoen alderdian ibiliko da.

Inauteriei amaiera emateko, martxoaren 1ean, asteartean, Sardinaren Erreketa egingo da, 20:00etan, Espainia plazan, konpartsa guztiak bertan direla. Otsailaren 21etik aurrera, turismo-bulegoan ikusgai izango da sardina, sutan erre aurretik miresteko.

Gainera, otsailaren 14tik 28ra bitartean, Gasteizko Inauterietako kartelen lehiaketara aurkeztu diren lanak ikusgai izango dira, Hegoalde eta Ibaiondo gizarte etxeetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago