Republika del Miedo taldeak bere azken diskoa aurkeztuko du Orbainen

Erredakzioa 2022ko otsailaren 15a

Republika del Miedo taldearen prentsaurrekoa, Orbainen. / Argazkia: ORBAIN K.E

Larunbatean, 20:30ean, Republika del Miedo taldeak De Barna a Gasteiz, camino al infierno bere disko berria aurkeztuko du Orbain Kultur Elkarteko oholtza gainean. Sarrera doakoa izango da, neurri murriztailerik gabeko lehen kontzertuan.

Berriz ere, eta oraingoan pandemiari aurre egiteko neurri murriztailerik gabe, zuzeneko musika itzuliko da Orbain Kultur Elkartera. Republika del Miedo punk talde gasteiztarraren eskutik izango da, 20:30etik aurrera Navarro Villoslada kaleko lokalean. Gainera, sarrera doakoa izango da, edukiera osoa bete arte.

Hardcore punka gustuko duten lau kidek osatzen dute La Republika del Miedo: Poty ahotsean, Deivid gitarrarekin, La Republika baxuarekin eta Txarly bateriarekin.

Taldeak Garimba Rekords zigilu gasteiztarrarekin fitxatu berri du, 2021aren erdialdean, bere azken lana kaleratzeko: De Barna a Gasteiz, camino al infierno, lagun duten Kataluniako Neighbour Rats bandarekin egindako split diskoa. Diskoa Txema Mascareñak grabatu, nahastu eta masterizatu du, Gasteizen.

 

 

2018an taldea sortu zenez geroztik, etengabe aritu dira lanean, eta 2020aren erdialdean atera zuten beren lehen lana, La Maketa: autoekoiztutako diskoa, soinu gordin eta garajeroarekin. Maketatik split-era bilakaera handia izan du Republika del Miedok, eta konposizio landuagoak egiten hasi dira, instrumentu bakoitzean detaile eta berezitasunak bilatuz.

Hasierako banda bera izaten jarraitzen dute, eskola zaharreko hardcore punk estiloarekin, letra kritiko sozial eta politikoekin, baina estudio handi batek ematen duen soinu sendoarekin. Beren lan berriaz eta zuzeneko gogorraz gozatu nahi dutenek, beraz, aukera paregabea izango dute asteburu honetan Gasteizen, Orbain Kultur Elkartean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago